Zailtasunak

Ze zaila den goizero garaiz jaikitzea, ondo gosaltzea, autobusera arnas esturik gabe sartzea. Ze zaila errepidea gurutzatzea, eta leku guztietara puntual iristea. Zaila da ohea eginda uztea, hamaiketakoarekin gogoratzea eta alboan duzunaren musika zaratatsuarekin irakurtzea.

Ze zaila den hilerokoaren minari aurre egitea, arropa egokia aukeratzea, eroso sentitzea. Ze zaila ikasgelan egon eta klasean egotea, albokoari asteburuan zer egin dudan ez kontatzea. Eta bai, zaila da zerbeza bati eta beste bati uko egitea, barraren ertzean ez mozkortzea.

Zaila da etxera nekatuta ez iristea, eta zergatik nekatu naizen jakitea. Ze zaila den ordenagailu aurrean jartzea, gai bat hautatzea eta argazki bat hautatzea.

Zaila da gosea izan arren jatea, begiak irekita izan arren ikustea eta nekatuta egon arren lo hartzea. Eta ze zaila den irriaren atzean malkoak ezkutatzea, atzera begira aurrera joatea. Beldurra diozun zerbaiti edo norbaiti begitara begiratzea. Joder eta askotan ze zaila den isilik gelditzea, eta aldi berean oihukatzea.

Zaila da bakarrik bidaiatzea, bidezidorretan ez galtzea, maleta pisutsu bati tiratzea eta atzerritarra ez sentitzea. Zaila da itzuleraren zain egotea, norbait agurtzea, kaixo esatea.

Zaila da ausardiaren lagun eta beldurraren etsai izatea. Zaila da jendeari ez begiratzea, eta beraien barnean sartzen saiatzea. Ze zaila den zer moduz zauden galdetzea, eta gaizki nagoela erantzutea. Zaila da besarkada bat ematea, eta jasotzea. Zaila ere mesede bat eskatzea, eta eskerrik asko esatea.

Zaila egiten zait nire hitzei esanahia aurkitzea, nire buruari egindako promesak betetzea, oholtza batean abestea. Zaila egiten zait nor naizen jakitea, nor izan nahi dudan jakitea, nire buruarengan konfiantza izatea. Ilunpetan argia ikustea.

Ze zaila den zentzua duen zerbait pentsatzea, idaztea.

Ze erreza den guztia zaila dela sinistea.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide