Albisteak

Zaintza esparruko langileak grebara deitu ditu ELAk azaroaren 17rako

ELA sindikatuak deituta, egoera kaltebera duten pertsonak zaintzen dituzten langileek greba egingo dute datorren azaroaren 17an. Zaintza esperruko langileek Hego Euskal Herriko kaleak hartuko dituzte zaintza profesionala, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izatea aldarrikatzeko.
Urola Kostako zaintza esparruko langileek prentsaurrekoa egin zuten atzo goizean Zumaian eta bizi duten egoeraren berri eman zuten. Janire Diaz ELAko ordeazkariak azaldu zuen zaintzaren esparruan gertatzen ari dena “dramatikoa”. Covid-19ak zaintzaren sistemak gaur egun bizi dituen “gabezia” guztiakĀ  “agerian” utzi dituela esan zuen. “Argi dago pribatizazioaren eta negozioaren mesedetan eraikitako sistema dela, emakumeon bizkar gainean are eta gehiago jartzen duena zaintza lanaren ardura guztia” azaldu zuen sindikatuko ordezkariak.
Aldarrikapen zehatzak
Kaleratuko dituzten aldarrikapenak zehatzak izango dira: egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak…), zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne, 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada), sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza, zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita, lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez eta azkenik, langileen osatze emozionalerako plana, hein batean behintzat pandemiaren kalte larriak arintzeko.
Adostasunik ez LABekin

Diazek azaldu zuen nahiz eta azken hilabeteetan LAB sindikatuarekin greba eguna antolatzeko “hainbat bilera” eta “esfortzu” egin dituzten, “zoritxarrez” ez direla adostasun batera iritsi “grebaren eremu geofrafikoa” definitzerakoan. “ELAtik argi utzi nahi dugu aliantzak ezinbestekoak direla gizartea eraldatzeko eta bide batez LAB sindikatuari deitu nahi diogu grebara atxikitzera, indarrak batuz” azpimarratu zuen Diazek.

Eskualdeko hitzordua Zumaian
Grebako hitzordu nagusia Zumaian izango dute Urola Kostako langileek. Beheko plazan elkarretaratzea egingo dute goizeko 11:30ean hasita. Eskualdekoko zaintza esparruko langile zein herritarrei bertaratzeko deia luzatu die sindikatuak.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide