Albisteak

Zaintzarako kontratazioak egiteko dirulaguntzak emango ditu Zestoako Udalak

10.000 euroko dirulaguntza lerroa zabaldu du Zestoako Udalak zaintzarako kontratazioak egiteko helburuarekin. Covid-19aren ondorioz, familia askok beste modu batera antolatu beharra izan dute lana eta zaintza uztartu ahal izateko. Aurtengo udan, gainera, bertan behera gelditu dira udalekuak eta pasa den asteburuan, koronabirus kasuek gora egin dutela ikusita, Eguneko Zentroa itxi zuten (bigarrenez pandemia egoeran). Horixe da dirulaguntza honen xedea: familia unitateek lana eta zaintza uztartu ahal izatea, seme-alabenganako eta mendekotasuna duten pertsonenganako zaintza eta arreta egokia bermatzeko.

Zenbait kolektiboren enplegagarritasuna eta lan baldintzen hobetzea ere sustatu nahi du Udalak diru lerro honekin. Laguntza eskaerak deialdia argitaratzen denetik irailaren 30era arte egin ahal izango dira eta 2020ko uztailaren 1etik irailaren 30era arte egindako kontratazioei aplikatuko zaizkie.

Dirulaguntza jasotzeko honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

  • Zestoan bizi eta erroldatuta egotea diruz lagundutako jarduerak iraun bitartean
  • Covid-19aren ondorioz sortutako zaintza beharrei erantzuteko pertsona bat kontratatzea.
  • Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Zenbatekoak

Familia unitateko diru-sarrerak urteko Laguntza (kontratatutako pertsonaren soldata gordinaren portzentaia)
0-20.000 € %100
20.000-30.000 € %50
30.000-35.000 € %20
35.000 € baino gehiago EZ



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide