Albisteak

Ze eragin ari dira izaten neurri murriztaileak herriko jatetxeetan?

Joan den asteartean sartu ziren indarrean Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko hartutako neurriz murriztaileak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herriak itxita daude asteazkenetik. Eremu publiko zein pribatuan biltzeko aukera murriztu dute, hamar pertsonatik seira jaitsi dute kopurua eta etxeratze agindua ezarri dute: herritarrek ezingo dute kalean ibili iluntzeko 23:00ak eta goizaldeko 06:00ak bitartean.

Neurri guzti horiek talka handia suposatu dute sektore askotan eta horietako bat da ostalaritza. Herriko jatetxeetan jada nabaritu dute neurri berrien eragina. Aranburu Landetxeko Miguel Angel Uzkudunek esan du astean zehar eguneko menuekin “lan pixka bat” egiten ari direla. Asteburuan jende askorik izango ez duela uste du, “irekita eutsi ezin eta itxita ezin eduki” .

Josu Etxabe Bekoetxe merenderoko jabeak esan du astebururako prestaketetan dabiltzala. Goizeko 11:00etan zabalduko dute jatetxea eta iluntzeko 23:00ak arte izango da zabalik. Egun guztian zehar izango dute bezeroek jatera joateko aukera, “ordutegi jarraitua izango dugu eta ordu guztietan emango dugu jaten”.

Iraeta Jatetxeko Jon Goikoetxeak azaldu du neurri berriak direla eta, afariak ez ematea erabaki dutela. Astean zehar lan pixka bat egiten ari direla, inguruko enpresetako langileekin baina asteburuan zer gertatuko den ez dakiela. Eguerdian bazkariak ohi bezala emango dituztela azpimarratu du.

Joseba Odriozola Araneta jatetxeko jabeak ateak ixtea erabaki du, bi astez. Langile guztiekin bildu eta denen artean hartu dute erabakia. Neurri hauek sekulako eragina izan dutela nabarmendu du Odriozolak. Bi aste hauek pasa zain daude eta neurri berriak argitaratzean hartuko dituzte erabakiak.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide