Zentroko Gaztetxearen desalojo data iritsi zaigu, uztailak 19

Epaitegitik desalojo data iritsi berri zaigu eta gaztetxearen defentsan jarraituko dugula aldarrikatu nahi dugu. Desalojo data uztailaren 19rako dago iragarrita, hala adierazi zaigu epaitegitik. Gazte Asanbladako kideok gaztetxea defendatzeko asmoa daukagu, proiektu honen bideragarritasuna garbi geratu delako espazioa geureganatu genuenetik.

Bi urte borrokan

Testuingurua ulertzeko, beharrezkoa da begirada atzera botatzea. Gaztetxearen birkokatze prozesua duela bi urte inguru hasi zen. Udala izan zen gaztetxea lekuz aldatzearen lehen interesatua, egun dagoen espaziora ekartzeko. Gazte Asanbladari lehen momentutik erakutsi zion elizarekin espazioa negoziatzeko interesa. Gaztetxe zaharrak dituen azpiegitura mugez jakitun, asanbladan ere begi onez ikusi zen proposamena, eta bi aldeen arteko lehen bilerak hortik etorri ziren.

Asanbladaren eta udalaren artean egindako bileretatik ondorioztatu zen espazioa geure kabuz hartu behar genuela, hori izango zelako udalak elizarekin negozia zezan lehen pausoa. Baina momentu horretatik aurrera, udalak elizarekin egindako saiakera antzuren bat kenduta, ez da egon borondate errealik promesa hori betetzeko. Are gehiago, asanblada elizarekin biltzen saiatu izan denean, udalaren deiaren zain zeudela esan zaie behin eta berriz.

Gauzak horrela, denbora honetan ikusi da bai udalak eta bai elizak, gazte asanblada prozesu honetatik kanpo utzi nahi izan dutela. Hala ere, gazte asanbladako hainbat motatako ekimenak antolatu ditu urtebete pasatxo honetan: umeentzako ekintzak, oinarrizko elikagaien biltegia, hitzaldiak, festetarako aisialdi alternatiboa, kontzertuak… Erakutsi da zentroko gaztetxea beharrezkoa eta funtzionala dela herrira begira ekimen desberdinak egiteko; eta hori ondoriozta daiteke herritarrengandik jaso duen babes zabala ikusita.

Apostasia kolektiboaren kanpaina

Aukera hau ikusita, gazte asanbladak bide honetan apostasia kolektiboa egiteko kanpaina bat ere jarri zuen martxan pasa den abenduan. Kanpaina honekin elizari negoziatzera eser zitezen eskatu nahi izan zitzaion, bai eta irekita zegoen prozedura judiziala bertan behera uzteko ere.

Babes zabala jaso zuen kanpainak, hilabete gutxiren buruan 700 eskaera baino gehiago bildu baitzituen Euskal Herri osotik. Hala ere, kanpaina honi ere elizak oztopoak jarri zizkion beharrezko prozedura betetzen ez zirela argudituta.

Desalojoa eta errepresio ekonomikoa

Duela hilabete inguru salatu zen Gazte Asanbladatik, epaiketari gastu ekonomikoak iritsi zirela, 7.000€ inguru. Asanbladak gastu hau zigor ekonomiko gisa ulertzen du, eta gastu horiei aurre egiteko ekimen desberdinak antolatuko ditu datozen hilabeteetan zehar.
Azkenik, desalojo data iritsi da epaitegitik. Uztailaren 19a izango da desalojo data, baina Gazte Asanbladaren asmoa garbia da: desalojoa gelditzen saiatzea. Horretarako, herritar guztiei dei egiten zaie egun horretan gaztetxearen defentsa egitera etortzea.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide