Albisteak

“Zestoa 1936-1959, Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan” izeneko argitalpena aurkeztuko da datorren igandean

Datorren igandean, irailak 24, eguerdiko 12etan, Udaletxeko Batzar Aretoan, aurkeztuko da “Zestoa 1936-1959, Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan” izeneko argitalpena.
Proiektua Zestoako Udalak enkargatu zion Aranzadi Zientzi Elkarteari eta liburuen (bi liburuki) egilea Ione Zuloaga Muxika azkoitiarra da. Lantalde handia ibili da lanean, hala nola, Juantxo Agirre eta Javier Buces (koordinatzaileak) eta Karlos Almorza, Iraitz Arizabaleta, Iñaki Egaña, Francisco Etxeberria, Miren Garcia, Lourdes Herrasti, Marijose Hernández, Rebeca Martínez, Leire Padilla eta Maider Urretabizkaia ikerlari kolaboratzaileak.
Gerra Zibila eta Lehen Frankismoan Zestoako herrian gertatutakoren inguruan ikerketa sakon bat burutzeko lehen urratsak 2020an eman ziren, eta, beraz, hiru urte luzeko lanaren emaitza da argitalpena. Udalaren esanetan, helburua izan da Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan udalerrian eta bizilagunekin gertatukoaren egia ezagutzea modu zientifiko baten bitartez eta horren emaitza biktimen familiarren, bizilagunen eta euskal hiritar guztien eskuetan eskuragai lagatzea.Horrez gain, jasotako informazioarekin, Udalak erreparazio arloan egokiak diren neurriak hartzeko aukera izango. Zenbait ekimen egin ditu dagoeneko, hala nola, “Frankistek indarrez kanporatutako Errepublika garaiko azken udal ordezkarien omenez” egindako ekitaldia (2020-09-20).

Lan luze baten emaitza
Udalaren esanetan argitalpena, “lan ikaragarri baten emaitza” da. Izan ere, hiru urtetan zehar hainbat gauza egin dira, esate baterako: Gerra Zibilean eta lehen frankismoan desagertutako eta errepresaliatuen behin-betiko zerrenda osatzea, bakoitzaren erreferentzia dokumentalarekin. Baita hainbat errepresaliatuenak ere (erbesteratuak, mobilizatuak, gerrako haurrak, konfiskatuak), hustuketa bibliografikoa (idatzita eta argitaratuak dauden liburu eta artikuluen batuketa), hainbat artxibo publiko eta pribatuetan dauden agirien kontsulta, datuen bilketa eta datu base baten osaketa (Euskal Herriko eta Espainiako artxiboak), argazki bilduma osatzea, ahozko testigantzen bilketa eta bideo grabazioak, oroimen bulego baten antolaketa eta zerbitzua…

Azkenik, Udalak azpimarratu du, argitalpen honen bidez, “aspalditik geneukan zorra kitatzen hasteko bidea” irekiko duela eta “gertatutakoa ezagutzea eta ahal den neurrian kaltetuei errekonozimendua ematea” ahalbidetuko duela.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide