ZESTOA ASTEASUREN AURKA HERRIARTEKOAN

Gipuzkoako herriarteko txapelketako lehen kanporaketan, Asteasuarren aurka egokitu zitzaigun duela bi aste Donostiako Kirol Etxean egin zozketan eta egian esan, final hamaseirenetan sartzen ziren herrien artean talderik onena duen herriaren aurka egokitu izanak emaitzetan eragina izan du.

Horrela, iragan ostiralean joanekoak jokatu ziren Asteasuko Usarrabi pilotalekuan. Partidak piloteatuak izan baziren ere, Asteasuarrak erraz gainditu zirela esan behar. Gaztetxoetan Julen Odriozola eta Liam Zunzunegik 22 eta 6 galdu zuten, gazteetan Jon Miranda eta Manex Odriozolak 22 eta 7, eta nagusietan berriz, Amets Aranberri eta Unai Salegi lehengusuek 22 eta 8.

Ondoren, giro ederrean bi herrietako pilotari eta arduradunen arteko afari osteko mus saioetan behintzat zestoarrak aise nagusitu zirela esanda kontsolatu behar.

Itzulerakoak, datorren ostiralean, maiatzak 13, arratsaldeko 7,30ean, Zestoako kiroldegian jokatuko dira eta kanporaketa nahiko erabakita egonagatik herriko pilotazale guztioi bertaratzeko deia egiten zaizue.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide