Zestoa berpizteko azpiegiturak eta proiektuak
— 2019-05-21Duela lau urte azpimarratu genuen Zestoan kultur ikuskizunetarako azpiegitura edo aretoa behar genuela, hitzaldi, zinema, formakuntza eta mintegietarako ere balioko lukeena. Uste dugu gune berria Zestoako erdigunean kokatzea dela egokiena, horrela herria berpizten lagun dezakeelako. Ondorioz, Elizondo antzokia berreskuratzearen aldekoak garen arren, 2019a amaitzerako azterketa orokor bat egitea proposatuko dugu, ondoren kultur gune berria egiten hasteko.
Zestoan N631 errepideak eragiten duen kalteari behingoz irtenbide integral bat emateko, gasolindegitik mediku etxe parerainoko errepide zatia lurperatu eta Arteaga auzoa herrigunearekin lotzeko proiektua exekutatzea izango da gure helburua. Era berean, Arteagako auzotarrek errepidea hartzeko dituzten zailtasunak konpontzeko auzoaren behe aldean biribilgunea edo herrirako eta Arteaga auzorako sarrera egokitzea da gure proposamena.
TS industria gunea kokatuta dagoen eremuaren jabetza Kutxabank entitatearena da. Eremu hori azken urteetan salgai dago, baina udal gobernuak ez du inolako interesik agertu. Herriarentzat eremu estrategikoa da eta espekulatzaileek erosi aurretik lur hauek udalak eskuratzea da gure asmoa. Horrela, bertan kokatuta dauden eraikin industrial zaharrak herriko sortzaileentzat (musika taldeak…) egokitzeaz gain aisialdirako parke bat ere eraiki genezake egoera aztertu ondoren.
Aurreko legealdian Lasaotik Zestoara arteko bide berdea egin bazen ere, legealdi honetan ez da ezertxo ere egin. Datorren legealdian bidegorria amaitu egin behar da, gaur da eguna oraindik udala eta aldundiaren arteko hitzarmenik ere ez dagoena. Gai horri lehen egunetik helduko diogu eta udal baliabideak proiektuaren zerbitzura jarriko ditugu. Ez da bidezkoa auzotar talde batek borondatez trenbide zaharra berreskuratzen udalak baino ardura eta lan gehiago egin izana.
Kiroldegi aurreko haurren parkea berregokitu egin behar da, jubilatuen taberna itxi izanak bertako giroa tristetu egin du eta taberna berriro martxan jartzea, guraso eta jubilatuekin elkarlanean, aztertuko dugu.
Auzoei dagokienez, zenbait beharren artean auzo gehienetako pilotalekuak egoera tamalgarrian daude eta berehala konpontzea lehentasuna izango da guretzat.
– Arroagoian, pilotalekua konpontzearekin batera, haurrentzako jolasgunea hobetuko dugu egun dagoen tokian.
– Arroabean herrirako sarrera duin bat egin beharko litzateke biribilgune berria baliatuta. Auzoak dituen hirigintza arazoak konpontzeko plan orokorra ere egingo genuke.
– Iraetan pilotalekua eraberritu eta industria jarduerek sortzen dituzten ingurumen arazoak konpontzeak lehentasuna izan behar du. Autobus geralekuak ere egokitu egin behar dira. Granerokoa etxearen egoerari, salgai egon arren, arreta jarri behar dio udalak.
– Aizarnan, besteak beste, ur zikinen kanalizazioa egin beharko litzateke behingoz.
Egin zaitez bazkide