Urtarrila 2026
— 2026-02-10Irakurri 278. zenbakia hemen.

Eusko Jaurlaritzak Zestoa eremu tentsionatu izendapena onartu du, alkateak Danbolini jakinarazi dionez. 2025eko maiatzeko zerrenda eguneratutik kanpo geratu izanak sortutako zalantzen ondoren, Jaurlaritzak izendapena baieztatu du eta prozesuak aurrera jarraituko du.
Zestoako Udalak 2024ko martxoan aho batez onartu zuen izendapena eskatzeko erabakia, eta ondorengo hilabeteetan diagnostikoa eta ekintza plana prestatu zituen. 2023ko Etxebizitza Legea-k ezarritako baldintzak betetzen zituela adierazi zen. Hala ere, zerrenda eguneratuan Zestoa kanpoan agertu zen, eta horrek harridura eragin zuen Udalean.
Gaurko baieztapenarekin, ordea, egoerari buelta eman zaio. Zestoa eremu tentsionatu izango da datozen hiru urteetan, eta epe hori igarota baldintzak betetzen jarraitzen duela egiaztatzen bada, izendapenari eusteko aukera izango luke.
Zer esan nahi du izendapenak?
2023an onartutako Etxebizitza Legeak aurreikusten duen neurrietako bat da eremu tentsionatuen figura. Izendapen horren ondorio nagusiak honako hauek dira:
· Alokairuen prezioen igoera mugatzea.
· Kontratu berrietan erreferentziazko prezioak aplikatzea.
· Jabe handiei baldintza zorrotzagoak ezartzea.
· Alokairuan dagoen pertsonaren babesa indartzea kontratuetan.
Neurriak indarrean jartzeko xehetasunak datozen asteetan argitzea espero da, Jaurlaritzak dagokion ebazpena argitaratu ondoren.
Zestoa da Gipuzkoan izendapena lortu duen herririk txikiena, eta izendapenak Udalari alokairu merkatuan eragiteko tresna berriak emango dizkio.