Albisteak

Jaurlaritzak Zestoa eremu tentsionagarrien zerrendatik kanporatu du Udalaren harridurarako

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak aste honetan aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eremu tentsionatu izendatu daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratua. Zerrenda eguneratu horretan, ordea, Zestoa salbuetsita geratu da, nahiz eta izendapena lortzeko eskaera aurrez eginda izan eta irailean izendapena jasotzea aurreikusten zen.

Espainiako Kongresuak 2023an onartu zuen Etxebizitza Legeak jasotzen du alokairuen prezioen igoera erregulatzeko neurri bat: tentsio handiko eremu izendapena. Eusko Jaurlaritzak bi kondizio ezarri zituen udalerriei izendapen hori emateko, eta bietakoren bat betez gero, izendapena lortzeko aukera eskaini zien. Baldintzetako bat da alokairuen prezioen igoerak azken bost urteotan KPI gehi hiru puntu gainditu izana. Bestea, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastuek etxeko diru sarreren %30 gainditu izana. Zestoak bi baldintza hauek betetzen zituenez, Udalak, gaur egun, izendapena lortzeko eskaera egina du. Miguel De los Toyos, Hirigintza sailburuordearen esanetan, Zestoak izendapena irailean jaso zezakeen.

Orain, ordea, azken zerrenda honetatik kanpo gelditu da bi baldintzetako bat betetzen ez duelako. Mikel Arregi alkatearen esanetan, “akatsa izatea espero dut. Eusko Jaurlaritza jarri zen gurekin harremanetan baldintzak betetzen genituelako, eta guk, hilabetetako lanaren ondoren, eskaera aurkeztu genuen”. Albistea jakin bezain laster Jaurlaritzarekin harremanetan jarri da alkatea, eta “izendapena lortzeko prozesuak aurrera jarraitzea” espero du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide