Albisteak

[KOMUNITATEA] Dena prest, Erresistentzia Jaialdirako

Erresistentzia Jaialdirako azken xehetasunak jakinarazi dituzte Zestoako Gaztetxetik eta Defentsa Komunitatetik Erresistentzia Jaialdia antolatu dugu maiatzaren 17rako Zestoan, eta dagoeneko dena prest dago.
Martxoaren 25ean jakinarazi genuen bezala, Kaparrak, J Martina, Rodeo, La Txama, Ke lepo + Felix Buff, Hazas&Jagoba, Malakias MX3, Mutiko eta Eire taldeen kontzertuak egongo dira, eta kontzertu tartetan DJ Mali egongo da giroa berotzen.
Kontzertuak arratsaldeko 18:00tan hasiko dira Zestoako plazan, baina gunea arratsaldeko 17:00tan irekiko da eta gaueko 04:30ak arte egongo da irekita.
Gauean zehar afaltzeko eskaintza izango da gunean bertan. Autoz joan nahi duenarentzat aparkalekua egongo da “Sorazu poligonoan”. Horrez
gain, Euskal Herriko zenbait txokotatik autobusak antolatu dira joateko nahiz itzultzeko. Hala nola, Tolosatik 17:00etan aterako da Santa Klaratik eta itzulera goizeko 05:00etan izango da; Iruñatik 16:00etan Antoniutti parketik eta itzulera goizeko 05:00etan.
Beste eskualde batzuetatik ere jarriko dituzte autobusak beraz adi ibili!
Sarrerak eskuragai daude Zestoako Mollergi tabernan eta Azpeitiko Haginpe tabernan 18€ren truke. Online erosteko aukera ere badago 19€ren truke.
Jaialdiarekin ateratzen den diru guztia aurtengo ikasturtean Euskal Herriko langile kontrolpeko espazioek izandako kolpe errepresiboei erantzuteko izango da. Bereziki Gaztetxeak izan dira aurtengo ikasturtean jopuntuan egon direnak: Zestoako gaztetxearen borrokak utzitako kostuekin ireki zen kurtsoa eta, besteak beste, Lizarrako gaztetxearen aurkako isunak, Durangoko gaztetxe berriaren desalojoa, Irungo Mosku gaztetxearen desalojoa edota aurreko hilabetean izandako Etxarri gaztetxearen aurkako desalojo bortitzak osatu dute aurtengo kurtsoa. Horrez gain, Zornotzako Matrailu gaztetxearen aurkako desalojo data edozein momentutan irits daitekeela gogorarazi nahi dugu, baita Burlatako Gaztetxeak gaztetxe zaharraren eraistearen aurrean alternatiba bat bilatzeko abiarazitako borroka ere.

Erresistentzia jaialdia

Defentsa Komunitatea hainbat gaztetxe, zentro sozial, zentro sozialista eta abarrek osatutako sare bat da eta bere izateko arrazoia sinplea da: espazioek modu isolatuan erantzun ezin dieten eraso desberdinei modu antolatuan erantzutea. Hau da, Euskal Herriko gaztetxe, Zentro Sozial, Zentro sozialista eta abarren indarrak batu eta elkartasun antolatuaren bitartez lokalki jasaten diren erasoei desberdinei aurre egitea,
espazioek bizirik jarrai dezaten. Erresistentzia Jaialdiak duen zentzua berdina da: Langile Kontrolpeko Espazioek jasandako kostu errepresiboei aurre egiteko antolatutako dinamika bat da. Honen bitartez, Defentsa Komunitateko erresistentzia kutxa hornitu eta espazioek jasandako isunei, espazioen defentsatik eratorritako gastuei, prozesu judizialen kostuei eta abarri erantzuten zaie.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide