Albisteak

Urteko lehen aurrekontu aldaketa aho batez onartu zuten azken udalbatzarrean

Zestoako Udalak ohiko udalbatzarra egin zuen apirilaren 30ean. Bertan jorratutako gaiak honako hauek izan ziren: aurtengo aurrekontuaren lehen aldaketa, plan ekonomiko-finantzario baten beharra eta Tichla herriarekin sinatutako senidetzearen berrespena.

Aurrekontu aldaketari dagokionez, azken udalbatzan egindakoa urteko lehenengoa izan zen. Guztira, 245.567,24 euroko gehikuntza izango da, eta kreditu-transferentzien bidez egingo zaio aurre. Konponketa lanen artean, egoera txarrean dauden Otolako eta San Lorenteko bideak konpontzea aurreikusten da, baita Iraetako Auzo Etxea ere. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuetarako eta zaintzarako azpiegitura berri bat erosiko du Udalak, zerbitzu horiek herriko erdigunera eta gune irisgarriago batera lekualdatzeko helburuarekin.

Bestalde, 2024ko aurrekontuaren likidazio ebaluazio txostena ere aurkeztu zuen alkateak. Administrazioak aurrekontuen egonkortze legea betetzera behartuta daude eta horretarako hiru aldagai bete behar dira: defizit ekonomikoa 0 izatea, zor bizia %70 baino gehiago ez izatea eta 2023ko aurrekontuarekiko gehikuntza %2,6 baino gehiago ez izatea. Udalak hiru irizpidetatik bi betetzen ez dituenez, plan ekonomiko finantzario bat egitera behartuta dago. Hau da,  2025ean eta 2026an hiru aldagai horiek betetzera behartuta daude, eta Ogasunari egiaztatu beharko diote legea bete egingo dutela.

Azkenik, Saharako errefuxiatuen kanpalekuko Tichla herriarekin aurrez sinatutako senidetzea berretsi zuten udalbatzarrean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide