Albisteak
Zestoa-Urepele senidetze ekitaldiak ekainean zehar
— 2024-05-29Zestoa-Urepele senidetze egitasmoaren baitan hainbat ekintza antolatu dira ekainerako Zestoan. Mikel Arregi alkateak, Amaiur Aristi Itxaropena dantza taldeko kideak eta Agiro mendizale taldeko Mikel Irurek aurkeztu zituzten ekitaldiak, atzo, udaletxeko areto nagusian.
Senidetzea joan den azaroan formalizatu zen, eta orain nagusiki herritarrei zuzendutako jarduera kulturaletan eta bi herrien arteko, lehen sektoreko esperientzia trukaketan murgilduko dira besteak beste.
Ekitaldiak ekainaren 1ean hasiko dira, “Gai ziren eta gai gara” bertso saioarekin, 17:30ean, Zestoako kiroldegian, 1967ko Bertsolari Txapelketako gaiak ardatz hartuta. Puntako bertsolariak parte hartuko dute: Maialen Lujanbio, Saioa Alkaiza, Alaia Martin, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Aroa Arrizubietak. Sarrerek 10 euro balio dute eta turismo bulegoan erosi daitezke edo egunean bertan leihatilan.
Ekainaren 15ean Urepele Eguna ospatuko da, Agirok antolatutako ibilaldi neurtuak emango dio hasiera egunari. 08:00etan hasiko da eta 15 km-ko ibaibidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Inskripzioa herrikrosa.eus-en egin beharko da eta ekainaren 14a, izango da izena emateko azken eguna. 11:00etan Urepeldarren etorrerarekin, Zestoa eta Urepeleko ekoizle eta artisauen azokari emango zaio hasiera eta ondoren Klika txarangarek alaituko du giroa. Eguerdian bazkari herrikoia egingo da plazan eta kantaldiarekin girotuko dute bazkalostea. Bazkarirako txartelak Portale taberna egongo dira salgai 15 euroren truke.
“Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi” Liburuaren aurkezpena, ere bi herrien senidetze harremanetik jaio da. Pako Aristik idatzi du eta ekainaren 5ean Donostian aurkeztu ondoren, ekainaren 19an, mahai-inguru formatuan aurkeztuko dute, Pako Aristi idazleak berak eta Xabier Amurizak, Jon Artanoren laguntzarekin. 19:00etan izango da, Kultur etxean.
Zestoatik Urepelerako oinezko bideari ekin dio Agiro mendi klubak, Andoaindik Goizuetara egin zuten lehenengo txangoa, Goizuetatik Labaienera bigarrena eta ekainaren 29an Labaienetik Belatera joango dira, goizeko 7:30ean Gurutzetik abiatuta. Oraindik Zestoatik Andoainera doan zatia egiteko dagoela azaldu zuten aurkezpenean eta gerora, ibilbide hau digitalizatzeko asmoa duela iragarri zuten antolatzaileek.
Ekainak 1, larunbata
– 17:30 “Gai ziren eta gai gara” bertso saioa
Ekainak 15, Urepele eguna
– 08:00 Zestoa XXII. Ibilaldi Neurtua, 15km plazatik abiatuta. (Aurrez izena eman behar da)
– 10:00 Txistularien diana.
– 11:00 Urepeldarren etorrera.
– 11:00 – 13:00 Urepeleko eta Zestoako ekoizle eta artisauen azoka.
– 12:00 Kika Txaranga kaleetan zehar.
– 14:30 Herri bazkaria plazan, bertsolariekin. (Bazkariko txartelak portalen salgai 15 euro).Bazkal ondoren: Kantaldia plazan.
– 18:00 Urepeldarren itzulera.
Ekainak 19, asteazkena
– 19:00 “Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi” Liburuaren aurkezpena
Ekainak 29, asteazkena
– 07:30 Labaien Belate Ibilaldia (Zestoatik Urepelerako etapa)
Egin zaitez bazkide