Albisteak

Zestoak bat egin du etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren eta gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programarekin

Mikel Arregi alkateak, Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko (GFEO) presidente Miguel Ángel Gastelurrutiak akordioa sinatu dute gaur goizean, Zestoa Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren eta Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programara atxikitzeko. Programa hori Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta GFEOk sustatu dute.
Zestoa gehituta, Gipuzkoako 50 udalerrik parte hartzen dute sendagaiak eskuratzeko eta sendagaien erabilera eta tratamenduekiko atxikidura hobetzeko ekimen honetan. Horretarako, herri bakoitzeko farmaziek etxez etxeko laguntzailearekin edo zaintzaile nagusiarekin elkarlanean jarduten dute sendagaiak eskuratu, kontserbatu eta ematearekin zerikusia duten alderdietan. Gipuzkoako farmazien % 96 programan parte hartzeko akreditatuta dago, tartean, Zestoakoa.
Gaur egun, etxeko laguntza-zerbitzuen eta gizarte-zerbitzuen Gipuzkoako 600 erabiltzaile baino gehiagorentzat prestatzen dituzte botikak. Erabiltzaile horiek udal bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzak hautatzen ditu aldez aurretik.
Gaur goizean Zestoako udaletxean egin den akordioaren sinaduraren ondoren, herriko alkate Mikel Arregik azpimarratu duenez, herrian “hainbat proiektu ditugu martxan egoera ahulean dauden pertsonen zaintzan lan egiteko, eta, ildo horretan, erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da pertsonen osasunarekin eta ongizatearekin lotutako zerbitzuak hobetzeko eta egokitzeko”.

Pertsonen osasuna hobetzea
Zestoak 3.825 biztanle ditu eta farmazia bat. Akordioa sinatu ondoren, herriko farmazialari Xabier Astiz Zurutuzak oso positibotzat jo du programa: “Farmazia komunitarioan askotan ikusten dugu adineko pertsonak ez direla beren botikak behar bezala hartzen ari, dela nola hartu behar duten behar bezala ulertu ez dutelako, dela sendagaien izenak nahasten dituztelako, dela ahaztu egiten zaielako… Ondorioz, pertsona horiek ez dute behar bezalako tratamendua jasotzen”. Astizen ustez, programak atxikidura handitzen eta agindutako tratamendua betetzen lagunduko du, eta, ondorioz, “paziente bakoitzaren osasuna hobetzen lagunduko du. Zestoarren osasunean eragin positiboa izan dezakegula uste dugu, programa honen bidez medikamentuen aurkako erreakzioak detekta baitaitezke, baita horiekin lotutako arazoak saihestu ere, adibidez, bikoiztasunak eta ez-betetzeak, askotan oharkabean gertatzen baitira”.
Xabier Astizek azpimarratu du ekimenak medikuaren, farmazialariaren eta pazientearen arteko lotura indartzea errazten duela: “Harreman estuagoa dugunez, guztion arteko konfiantza eta komunikazioa areagotu egiten da, eta hori onuragarria da erabiltzailearen osasunerako. Paziente horien farmazia-arretan rol aktiboagoa eta garrantzitsuagoa izateak asko gogobetetzen gaitu, bai profesionalki, bai pertsonalki”.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazak nabarmendu duenez, etxez etxeko laguntza-zerbitzuek artatutako pertsonek behar duten medikazioaren erabilera hobetzeko programa honen helburua da pertsonak erdian kokatzea, haien beharrei erantzunez eta haien bizi-kalitatea hobetuz.Gainera, Farmaziako zuzendariaren arabera, farmaziak osasun-agente gisa indartzeko ahalegina egiten da, eta farmaziekin elkarlanean aritzea sustatzen da.

Programaren funtzionamendua
Udal bakoitzeko Gizarte Zerbitzuak aurrez baimena eman beharko duten pertsonak aukeratzen ditu programan parte hartzeko. Ondoren, erabiltzaileak farmazia aukeratzen du eta elkarrizketa egiten zaio. Elkarrizketa horretan oinarrituta, fitxa bat betetzen da hartzen duen medikazioari eta osasun-arazoei buruzko informazioarekin. Ondoren, astean edo hamabostean behin, farmazialariak dosifikazio pertsonalizatuetan banatuta prestatzen eta entregatzen ditu botikak.
Horretarako, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak (DSP) erabiltzen dira, zeinetan pazienteak eguneko une bakoitzean hartu behar dituen pilulak jartzen diren, dosia behar bezala hartzeko behar den informazioarekin.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide