Albisteak

Zestoak eremu gorrian jarraituko du

Hiru kasu atzeman ditu Osasun Sailak asteburuan Zestoan. Intzidentzia apur bat igo da eta datu horiek ikusita, herria eremu gorrian egongo da beste astebetez.

Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren gaineko datuak eguneratu berri ditu, eta horien arabera, hiru kasu atzeman dituzte Zestoan ostiraletik igandera bitartean egindako frogetan: bat ostiralean eta bi igandean. 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko intzidentzia tasa 616,33 tik 693,37ra igo da eta oinarrizko birsorkuntza tasa 1,26tik 1,17ra jaitsi da. Datu horiek ikusita, Zestoak eremu gorrian jarraituko du datorren astelehenera arte, gutxienez.

Eskualdean 127 kasu atzeman ditu Osasun Sailak ostiraletik igandera egindako, joan den asteburuan baino 63 gutxiago. Kasu gehienak Zarautzen zenbatu dituzte, 53 hain zuzen. Zumaian hogeita lau positibo detektatu dituzte, hogei Azkoitian, hamazazpi Azpeitian, sei Orion, hiru Aian eta bina Aizarnazabalen eta Getarian. Azkoiti, Azpeiti, Getaria, Zumaia, Zarautz, Orio eta Aiak eremu gorrian jarraitzen dute eta bihartik aurrera, Aizarnazabalen ere ezarriko dituzte neurri murriztaileak, bertako intzidentzia tasa 780,23ra iritsi da eta.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide