Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Zestoako Mugimendu Feministak helarazi digun oharraren bidez jakinarazi du, Zestoako 28 eragilek atxikimendua eman diotela asteartean zabaldu zuten adierazpenari. Horrela, babesa adierazi diete abenduaren 16tik aurrera Donostian epaituko dituzten sei herritarrei, eta bat egin dute igandean, 13:00etan, Zestoako plazan “Elkartasuna ez da delitua!” lelopean antolatutako elkarretaratzearekin.
Talde feministak azaldu duenez, 2018an abiatu zen auzi judiziala, herriko gizon batek jarritako salaketaren ondorioz. Salaketa haren arabera, gizonaren bikotekide ohia eta emakume horri babesa eman zioten bost herritar jarri zituzten auzibidean, intimitatearen eta integritate moralaren aurkako delituengatik nahiz derrigortze delituagatik. Zazpi urte igaro ondoren, auzia epaiketa-fasera iritsi da, eta feministen esanetan “elkartasun feminista” epaituko da. Akusazioak eta fiskaltzak lau eta bost urte arteko espetxe-zigorrak eskatu dituzte auzipetuentzat.
Zestoako Mugimendu Feministaren adierazpena Azpeitiko, Zarauzko, Zumaiako eta Aizarnazabalgo mugimendu feministek ere babestu dute, eta talde feministak sare hori Zestoako eragile guztiengana zabaldu du. Guztira 28 erakundek eman dute beren atxikimendua.
Igandeko elkarretaratzeaz gain, epaiketaren egunetan —abenduaren 16an, 17an eta 18an— Donostiako Auzitegiaren aurrean elkartuko dira, 09:00etatik aurrera.
Atxikimendua adierazi duten Zestoako 28 eragileak honako hauek dira:
• 3Z
• Abantzu pilota kluba
• AEKko langileak
• Agiro mendi kluba
• Arroabeko Ezkaizto auzo elkarteko talde motorra
• Danbolineko erredakzioa
• EH Bildu (Urola Kosta eta Urola Erdia)
• ELA
• Ernai
• Ekain guraso elkartea
• Fundizio
• GKS
• Gurutzeaga txirrindulari elkartea
• Iraeta Denon Artean
• Itaia
• LAB
• Pentsionistak martxan
• Portale kulturgunea
• Sakulupe guraso elkartea
• Sortu Urola Kostai
• Txara kooperatiba
• Zestoako dantzariak
• Zestoako Gazte Asanblada
• Zestoako Merkatari Elkartea
• Zestoako Musika Banda
• Zestoako Sare
• Zestoako Tabernarien Elkartea