Zestoako alde zaharra
— 2018-03-17Aurreko batean Danbolineko erredakzio bileran berriketan ari ginela konturatu nintzen taldeko batzuk Txomin Txiki non zegon ez zekitela. Taldeko zaharrena gelditu naiz askogatik! baina pozik esaten dut, kimu berriak botatzen jarraitzen dugula esan nahi du horrek eta.
Txomin txikiko argazkiaren bila hasi eta Bicente Davilaren hirukote honekin gelditu naiz (handitu argazkia beldurrik gabe). Zuei gertatu al zaizue inoiz oporretan edo herri bat ezagutzerakoan… ederra da, paseo ederrak ditu eta bistak eta… baina… non dauka parte zaharra herri honek galdetzea? niri beti gustatu izan zait herriko txoko zaharrenak ikusmiratzea.
Ba gurean, (eta badakit temosa jartzen hasita nagoela), egundoko pena ematen dit Kaleoker zaharraren esentzia guztiz galtzeko zorian ikusteak. Eta badakit, etxe asko zein egoeratan dauden ikusita, bota eta berriak egin behar direla, baina ezin dira balkoien burdinazko zatiak gorde, edo berriro ere antzekoak egin, eta fatxadari itxura berdina eman, edo teilatu buelta berdinak imitatu, edo…
Lehengoan batek herrian ekologista talde bat faltan botatzen zuela esan zidan eta ez du arrazoi faltarik, baina nik ondarea zainduko duen talde bat ere botatzen dut faltan.
Egin zaitez bazkide