Albisteak

Zestoako argiteria publikoa pribatizatzea eta kiroldegiko berritze-lanetarako aurrekontuaren handitzea onartu ditu Udal Gobernuak plenoan

Argiteria publikoa pribatizatzea eta kiroldegiko obraren aurrekontua 1,2 milioi eurotik 1,6 milioi eurora igotzea izan ziren Zestoako Udal Gobernuak (EAJ) asteazkeneko plenoan hartutako erabaki nagusiak. Aipatu behar da, argiteria publikoa pribatizatzearen erabakiak polemika handia piztu zuela Udaleko areto nagusian. Oposizioko alderdia (EH Bildu), Zestoako Udaleko langileak eta udal batzarrera gerturatu ziren herritarrak erabakiaren aurka azaldu ziren.

EAJko zinegotzien 6 botoekin eta EH Bildu ardediko zinegotzien aurkako 5 botorekin Zestoako Udal Gobernuak herriko argiteria publikoa 10 urtez enpresa pribatu batek kudeatzea onartu du. Josetxo Mendizabal alkateak plenoan adierazi zuenez erabaki honekin “brigada iritsi ezin den lekura” iritsiko dira enpresa pribatuko langileak eta “hemendik 10 urtera instalazio hobe bat izango dugu”. Mikel Arregi EH Bilduko kideak adierazi zuenez “hartzera zoazten erabakia neurri neoliberala da %100ean eta erabakia bertan behera uztea eskatzen dugu”. Horretaz gain hainbat alternatiba planteatu zituen oposizioko alderdiak eta Udal Gobernuari “gaia behar bezala ez lantzea” leporatu zien. Gainera, herriko argiteria publikoaren gaineko azterketa edo pliegoa udaleko langileek ez egin izana kritikatu zuen “beraiek baitira ogien dakitenak zer dagoen gaur egun eta zer behar den etorkizunerako, gainera kiroldegiko kasuan lan hori udaleko langileek egin dute, eta zergatik ez argiteriarena?” galdetu zieten EAJko kideei.

Oposizioaren kritikaren ondoren, eta argiteriaren gaia bozkatu aurretik, udaletxeko langileek argiteriaren pribatizazioaren aurkako mozioa jarri zuten mahai gainean. Aipatu behar da Udal Gobernuak langileen mozioa bozketaren ondoren entzutea nahi zuela, baina bertaratu zirenek egindako presioagatik bozketaren aurretik beraien mozioa aurkezteko aukera izan zuten udaleko langileek. Udaleko langileen ondoren, plenora joandako hainbat herritarrek hartu zuten hitza, eta hainbat zalantza eta galdera planteatu zizkioten Udal Gobernuari. Hala ere, Udal Gobernuak ez zien erantzunik eman oposizioak, udal langileek edo herritarrek egindako galderei eta Zestoako argiteria publikoa pribatizatzea erabaki zuen. Horrela, Zestoako Udalak urtero 135.ooo euro emango dizkio enpresa pribatu bati, 10 urtez herriko argiteriaz arduratu dadin.

Kiroldegiko berritze-lanen aurrekontuaren handitzea izan zen Udal Batzarreko beste gai polemikoa. Atzoko plenoan Udal Gobernuak kiroldegiko obraren aurrekontua 1,2 milioi eurotik 1,6 milioi eurora igotzea onartu zuen. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euroko laguntza emango dio Zestoako Udalari kiroldegia berritzeko eta Zestoako Udalak milioi bat eurotik gora jarri beharko du. Oposizioak adierazi zuenez “lehengo zifretan proiektua onartzeko prest ginen, baina nahiz eta ezinbestekoa ikusi kiroldegiaren berritzea, Udalaren altxortegi guztia hor jartzea ez da egokia”. Horretaz gain, “kultur jarduera egiteko toki falta” aipatu zuen oposizioko alderdiak. Gorka Unanue Udal Gobernuko kideak proiektua garrantzitsua dela azpimarratu zuen, horretaz gain “diru hori inbertitzeko beste gauza batzuetan aurreztu beharko dugu” adierazi zuen eta hurrengo legealdiko Udal Gobernuarentzat altxortegian 500.000 euro utziko dituztela adierazi zuen Unanuek.

Horiek izan ziren asteazkeneko (uztailaren 26a) Udal Batzarreko gai nagusiak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide