Zestoako EAJ-PNVk positibotzat jo du udalerriko sarbideen hobekuntza

Alderdi jeltzaleak ondo kudeatutako proiektuen garrantzia azpimarratu du eta udalerriarentzat onuragarriak diren ekimenei babesa emango diela ziurtatu du.

Zestoako EAJ-PNVk udalerriko sarbideak hobetzearen alde agertu da, bere programan aurreikusita zegoen proiektua, eta orain udal gobernuak bulebarizazio proposamen batekin osatu du. Garikoitz Mendizabal Zestoako EAJ-PNVko bozeramaileak adierazi duenez, “guk Zestoako sarrera-irteerak hobetzea aurreikusita genuen, eta bulebarizazioa gehitzea positiboki baloratzen dugun ekimena da”.

Mendizabalek nabarmendu duenez, “gauzak ondo egiten direnean, ez dugu inolako arazorik horiek babesteko”. EAJ-PNVk lan serio eta adostu baten emaitza diren proiektuak babesteko beti prest dagoela azpimarratu du, hala nola sarbideak hobetzearena. “Ondo planifikatutako lanak egitea gustatzen zaigu, Zestoako herritarren bizi kalitatea hobetzeko”, adierazi du Mendizabalek.

EAJ-PNVk azpimarratu du interes orokorrak izan behar duela beti lehentasuna. “Guk zestoarren ongizatea lehenesten dugu beti, eta gure udalerriaren garapenean benetan laguntzen duten ekimenak babesten ditugu”, gaineratu du Mendizabalek.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide