Albisteak

Zestoako eta auzoetako jaiak bertan behera utzi ditu Udalak

Uztailaren 2an sinatutako Alkate-ebazpen bidez, Zestoako eta auzoetako jaiak bertan behera utzi ditu Udalak.
Ebazpenak dioenez, ezer baino lehen kontuan hartu dituzte osasun agintarien irizpideak (kautela- eta babes-betebeharrak; pertsonen arteko segurtasun-distantzia; higiene- eta prebentzio-neurri orokorrak; edukiera mugatzea eta prebentzio-neurri espezifikoak ezartzea sektoreka…). Bestalde, jaien moduko ekitaldietan, birusaren transmisioa saihesteko beharrezkoak diren segurtasun neurriak mantentzea oso zaila dela adierazten du ebazpenak.
Hori dela eta, Zestoako udalerrian ospatu ohi diren honako herri jaiak edota ikuskizunak ofizialki bertan behera uztea erabaki du alkateak: Karmen jaiak Arroabean, Santio – Santa Anak Arroagoian, eta Amabirjinak Aizarnan eta Zestoan.
Alkateak dio jabetzen dela “jai horiek herritarrentzat duten garrantziaz, horregatik, erabaki zaila izan dela baina arduraz jokatzeko unea dela”.
Nolanahi ere, herriko bizitzari eta kultur arloari bultzada emateko asmoz, kultur egitarau berezi bat antolatuko da udan zehar, betiere segurtasun neurri guztiak betetzen direla bermatuz.
Azkenik, herritarrei dei berezia egiten die alkateak osasun gomendioak betetzen jarraitzeko, orain arte egin duten bezala.
Udako ekintzak antolatzeko batzordea

Esan bezala, festak bere horretan ez dira antolatuko baina herriko bizitzari eta kultur arloari bultzada emateko asmoz, kultur egitarau berezi bat antolatzekotan da Udala. Pandemia egoerak eskatzen dituen segurtasun neurrietara egokituta, uztailaren 7an arratsaldeko 19:00etan kultu etxean egingo den batzorde honen helburua 2020ko udako ekintzen programazioa osatzea izango da.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide