ZESTOAKO FESTETAN ZEZENKETAK?!
— 2019-09-04Duela aste pare bat Foru Plazatik igarotzean, harmailak jartzen ari zirela ikusi nuen eta nire baitan “alajaina!, harmailak herriko festetarako badira, garaiz hasi zaizkigu hauek lanean” pentsatuz pasa nintzen plazan beste aldera.
Joan zen urtean harmailak, besteak beste, zezenketarako jartzen zituztela esan zidatenean, erabat txundituta geratu nintzen: “Zezenketak?… Zestoan?… Serio?!” Harridurak hartuta, besterik esan ezin nuela, mututurik geratu nintzen.
Dagoenekoz irakurri ahal izan dut festetako zekorketak irailaren 6an eta 8an izango direla. Aitortu beharra dut, joan zen urteko harridura berberan aurkitzen naizela oraingoan ere; agian, espainiar tradizio hau arrotz egiten zaidalako eta, batez ere, barruan min egiten didalako.
Hamalau bat urte nituela, Nafarroako herri bateko festetan zezen-plazara gonbidatu ninduten, tradizioak agintzen baitzuen festetan plazara joatea. Herritar beraiek hala ziotenez gero, haiekin batera abiatu nintzen hara. Behin eta kito! Halakoak ikusteko ez nintzela berriro plaza batetan sartuko zin egin nion neure buruari. Espektakulua amaitu gabe zegoela irten nintzen plaza hartatik, izualdiak jota, sinestezina egin baitzizaidan dibertitzeko izaki baten sufrimenduaz baliatzea. Orduan, espektakulu krudela iruditu zitzaidan eta, honi dagokionez, nire iritzia ez da aldatu. Hamaika buelta emanda ere, ezin dut ez plazerrik sentitu ez eta arterik ikusi zezenketa saio batetan, batzuk dioten gisan.
Hara! Zezenketarako hautatutako zezen baten larruan banego eta plazara atera aurretik ordu luzez, zenbait kasutan hainbat egunez, leku ilun eta mugatu batetan edukiko banindute, inguruan gertatzen ari denari usainik hartu gabe, nola sentituko nintzatekeen nire buruari galdetu orduko, kakalarria, beldurra, izua, antsietatearen larritasuna, eta abar eta abar oso nabarmen sumatzen ditut nire barruan. Ulergarria, ezta? Zergatik izango litzateke, bada, egoera horretan dagoen abere batentzat ezberdin?
Nire gogoetarekin aurrera eginaz, ate bat irekitzean argia ikusten dudan aldera korrika batean aterako banintz eta bat-batean edonondik datozen oihuak entzungo banitu eta jendez jositako plaza baten erdian aurkituko banintz, nola sentituko nintzateke? Nire ustez, erabat nahastuta eta “non arraio nago?” pentsatuko nukeela iruditzen zait. Gero, txundidura hartatik ateratzean, berriro beldurra. Nagoen lekuak, nahiz eta argitsu eta oraingoan zabalagoa izan, beti ere arrotz eta mugatuta izaten jarraituko lukeelako; hau da, irtenbiderik gabeko toki bat.
Eta nire bizkarra hainbat banderilekin zulatuko balidate, nahiz eta hauek zuri-gorri-orlegi kolorezkoak izan? Nola sentituko nintzateke orduan? Bada, minaren minez amorratuta, arraioa!!! Noski, min eta amorrazio horrek eraginda, aurrean jartzen zaidan edonor erasotzeko moduan; bai, horrela ere sentituko nintzateke. Portaera arraroa? Basatia? Ez dut uste. Nire burua defendatzeko jarrera naturala litzatekeela esango nuke. Beldurra, tristezia, barru-barrutik aterako litzaidakeen oihu marrua, oraindik ez bainuke ulertuko zergatik jasanarazten dizkidaten halakoak eta zertarako eraman nauten leku horretara.
Gai honi buruz hausnarrean nagoela, ostera, galdetzen diot nire buruari: “Zergatik izan behar litzateke mina eta plazerra sentitzeko ahalmena duen izaki batentzat desberdin?”
Basta! Puntu honetara ailegatuta, nire barruan nahiko beldur eta dardarra sentitu ditudala uste dut; hau dela eta, gogoeta honi bukaera ematea erabaki dut. Nik, bai, erabaki hau hartzeko aukera dudalako!
Sorkunde Etxezarreta
Egin zaitez bazkide