Albisteak

“Zestoako Ondare Arkeologikoa eta Paleontologikoa” erakusketa ikusgai egongo da Ekainberrin irailaren 28ra arte

“Zestoako Ondare Arkeologikoa eta Paleontologikoa” izeneko aldi baterako erakusketa berria inauguratu zuten atzo, ostegunez, Ekainberrin. Maria José Tellería, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendari orokorra, Mikel Arregi, Zestoako alkatea, Sonia San José, Gordailuko arkeologoa eta erakusketako edukien arduraduna, eta Juanjo Aranburu, Arazi IKTko zuzendaria, izan ziren inaugurazioko ekitaldian.

Irailaren 28ra bitartean Ekainberriko liburutegian ikusgai egongo den erakusketa honek, 1935etik gaurdaino egin diren ikerketen emaitzak erakusten ditu, aurkikuntza-guneak, ikertzaileak eta aurkitutako piezak uztartuz.

Behe Paleolitoan, duela 300.000 urte, giza okupazioa izan zuen Irikaitz aztarnategitik hasi eta 1787ko Aizarnako parrokiko hilobietaraino, guztira 21 aztarna-gune ezberdinen lekukotza jasotzen da. Gune bakoitzaren inguruko ikerketak azaltzen dira, eta antolatzaileen esanetan, “lan hauetan aritu ziren gizon eta emakume ikertzaileen lana goraipatzen da”. Horrez gain, aztarnategi horietan aurkitutako 32 pieza original ikusgai egongo dira.

Interesa dutenek erakusketa Ekainberriko ohiko sarrerarekin ikusi ahal izango dute irailaren 28ra arte. Gainera, ostiralero publiko orokorrarentzat doan izango da, erreserba eginda, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Bisita gidatu labur bat eskainiko da ostiraletan 17:15eangaztelaniaz eta 17:45ean euskaraz bertan dauden bisitarientzat. Erreserbak www.ekainberri.eus webgunean egin ahal izango dira.

Hona hemen Ekainberrik ateratako inaugurazioko argazkiak:

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide