Albisteak

Zestoako Osinbeltz presa eraisten hasi dira

Zestoako Udalaren baimenarekin, Uraren Euskal Agentziak Zestoako Osinbeltzeko presa eraistea erabaki du. Presa, izen bereko zentral hidroelektrikoari ura emateko erabiltzen zen, baina 1983ko uholdeen ondorioz, instalazioak erabilezin geratu ziren eta orduz geroztik utzita zegoen.

Eraispenaren helburua Urola ibaiko arrain-faunaren iragazkortasuna lortzea da, Zestoa parean arrainen ibilbidea oztopatzen duen hesi fisikoa kenduz. Honekin, arrainen zirkulazio naturalagoa eta dibertsifikatuagoa berreskuratuko da, presaren eraikuntzaren aurreko egoeraren antzeko baldintzetan. 

Eraispena GI-631 errepidearen euste-hormatik 3 metrora hasi dute hormaren egonkortasuna ez kaltetzeko, eta ezkerreko arintze konportaraino gauzatuko da. Azken honek duen ondare-balioa dela eta, aztarna gisa kontserbatzea erabaki dute.

Presarainoko sarbidea egiteko, zuhaitzak moztu eta sastrakak kendu behar izan dituzte. Lanak amaitutakoan, ordea, sarbidea sortzeko erabilitako materialak kendu eta bertako landaredi potentziala landatuko dute (haltzadi kantabriarra). 

Lanak bi asteko epean burutuko dira eta Zestoako Udalak jakinarazi duenez, momentuz Uraren Euskal Agentziak ez du Zestoako beste presarik eraisteko baimenik eskatu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide