Albisteak

Zestoako Udal Batzarrak 2017ko aurrekontuak onartu ditu

Ostegun arratsaldean ohiko Udal Batzarra egin zen Zestoako Udalean. Udal Baztarreko puntu nagusiak 2017ko aurrekontuak, Tomas Odriozolaren kargu hartzea eta Arroabeko herritarrek mahai gainean jarritako bidegorriaren afera izan ziren.

EAJren aldeko 5 botorekin eta EH Bilduren 5 ordezkarien abstentzioarekin, Zestoako Udalak 2017an izango dituen aurrekontuak onartu ziren. Aurrekontuaren %80 inguru gastuetarako izango da, eta gainerakoa inbertsioetarako. Inbertsioen atalean, Zubimusuko igogailua, Kiroldegiaren handitzea eta plazan montatzeko barrera berriak izango dira inbertsio nagusienak.

Bestalde, atzoko Udal Batzarrean Tomas Odriozola Aristik EAJren zinegotzi kargua hartu zuen. Odriozola Ingurumen Batzoerdearen buru izango da aurrerantzean, eta hirigintza batzordeko kide ere izango da.

Batzarraren azken puntuan, proposamenen atalean, Arroabeko herritarrek hartu zuten hitza. Urtarrilean izandako Udal Batzarrean mozio bat aurkeztu zuten bidegorria amaitzeko falta den Iraeta-Narrondo zatia dela-eta, mozioa “aho batez” onartu zen. Baina atzoko batzarrean adierazi zutenez “ez dugu aurrerapausorik ikusten”. Horertaz gain, Josetxo Mendizabal Zestoako Alkatearekin eta Marisol Garmendia Mugikortasun diputatuarekin bilera bat egitea eskatu zuten.

Aipatu kontuez gain, Bake Epaile titular eta ordezkoen hautaketa eta San Juan Egoitzarekin Udalak duen hitzarmena berritzea “aho batez” onartu zituen Zestoako Udal Batzarrak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide