Albisteak

Zestoako Udal Batzarrak 2019ko aurrekontuak onartu ditu

Atzo arratsaldean ohiko Udal Batzarra egin zen Zestoako Udalean. Puntu nagusiak 2019ko aurrekontuak, plantilla organikoa eta langileen zerrenda, eta kiroldegia handitzeko eta birgaitzeko obraren kontratuaren aldaketa izan ziren. EAJren aldeko 6 botorekin eta EH Bilduren 2 ordezkariren aurkako botorekin (5 ordezkarietatik 3 falta ziren atzoko saioan), Zestoako Udalak 2019an izango dituen aurrekontuak onartu ziren. Guztira 5.737.040,40 eurotako aurrekontua izango du Udalak.

Mikel Arregi EH Bilduko ordezkariak aurrekontuekiko desadostasuna agertu zuen, hainbat puntu nabarmenduz. Arregik, alokairu sozialari dagokion partida handitzea proposatu zuen eta berdintasunari dagokion partida baten beharra ere azpimarratu zuen.

Bestalde, herrian egoera berezian dauden gune batzuk daudela azaldu zuen, TSko gune guztia, esaterako. “Lur horiek Kutxabanken esku daude eta eremu hori guztia Kutxabanki erosteko partida bat egon beharko lukeela uste dugu” gehitu zuen. Horrekin batera, basoekin dagoen arazoa ere plazaratu zuen Arregik. “Zestoan eremu dezente daude gaixo dauden zuhaitzekin. Gure iritziz, Ertxin gune horretan guztian dauden lurren jabeekin egon behar da eta lur jabe pribatu horiei lurrak erosi” azaldu zuen.

Amaitzeko, Iraurgi Berritzen bezalako garapen agentziei buruz jardun zuen. Zestoako Udalak Iraurgi Berritzeneko eskubide osoko kide bezala urtero ordaintzen dituen 54.000€ horien itzulkina aztertu behar dela esan zuen. Josetxo Mendizabal alkateak Zestoa Iraurgi Berritzeneko kide izatea oso garrantzitsua dela azpimarratu zuen. “Itzulkinaren kontua gauza immateriala da. Niri iruditzen zait diru hori oso ondo inbertituta dagoela eta Azpeiti-Azkoiti katearekin lotuta egotea oso garrantzitsua iruditzen zaigu” gehitu zuen.

Bestalde, plantilla organikoa eta langileen zerrendaren aldaketa aho batez onartu zuen Udalbatzak. Egungo plantillara, brigadako balio anitzeko hiru langile eta enkargatua eta eraikinetako bi langile gehitzea adostu zuten bi alderdiek.

Kiroldegiaren gainkostua

Batzarraren azken bigarren puntuan kiroldegiaren handitzeko eta birgaitzeko obrako kontratuaren aldaketa bozkatu zuten eta EAJren 6 aldeko boto eta EH Bilduren aurkako 2 botorekin onartu zuten. Kiroldegiko lanetan hainbat lan gehigarri egin behar izan direla azaldu zuen Gorka Unanue EAJren hirigintzako zinegotziak. Lan horiek aurrekontuan %9,96ko gainkostua izango dutela adierazi zuen. Frontoi eta frontoi inguruko lanetara, fatxadara edota koadro elektrikoa egokitzera bideratuko da diru kopuru hori. EH Bilduko ordezkariak euren ustez kiroldegiko lanei beharrezko jarraipenik egin ez zaiela azaldu zuen, obra hasi zenean azpiegitura ez zela behar bezala babestu  esanez. “Egin dugun gastua ez dago konpentsatuta, jada bi milioitik gora goaz eta horregatik ezin dugu gainkostu hori onartu” gehitu zuen.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide