Albisteak

Zestoako Udalak 6,2 milioi euroko aurrekontua izango du 2023an

6,2 milioiko aurrekontua izango du 2023an Zestoako Udalak. Aurrekontuen igoerarik handiena gizarte politiken arloan eman da, eta inbertsio nagusiak kiroldegiko aterpea, Endoiako bidea eta Zubimusu asfaltatze lanak eta aurrekontu parte hartzaileetan aukeratutako proiektuak izango dira.

Atzoko udalbatzarrean onartu zituen Zestoako Udalak 2023ko aurrekontuak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren aurkakoekin. Udalaren aurrekontua 6.251.953,44 eurotakoa izango da. Kopuru horretatik 2.085.517,06 euro pertsonal gastuetara bideratuko dira, 1.691.988,22 ondasun arrunt eta zerbitzuetara, eta 900.152 inbertsio errealetara.

Igoerarik handiena gizarte politikei dagokien arloan eman da. Izan ere, iazkoarekin alderatuta, arlo sozialean %10eko igoera izango dute aurrekontuek. Arlo honetan, hiru partida berri sortu dira: larrialdi etxea (15.000€), nerabeen esku hartzerako Hurbildu programa (5.000€) eta herriko zaintza sistema kudeatzeko San Juan fundazioarekin hitzarmena (50.000€). Gizarte larrialdietara, berriz, 100.000 euro bideratuko dira. Kultura, ondarea eta euskara gaiekin lotuta ere partida berriak sortu dira: kulturartekotasuna, herri curriculuma, eta Baio eta Amaldako indusketekin lotutakoak. Horiez gain, Gertuko Memoria lantzeko Aranzadirekin egindako hitzarmenerako 18.000 euro jarri dira.

2023rako iragarritako inbertsio nagusiak ondokoak izango dira: kiroldegiko aterpea, iaz esleitutako 1.160.000 kopuruari 150.000 eurotako gehikuntza egingo zaio; Endoiako bidea eta Zubimusu kalea asfaltatzea, 45.000 euro; aurrekontu parte hartzaileetan erabakitako Arroaerrekako aparkaleku berrirako 25.000 euro, Uztapide plaza ondoko parkea berritzeko 23.000 euro, Ibañarrietako argiteria hobetzea 4.500 euro eta Aizarnako galtzadan harriak eta espaloia konpontzeko 24.000 euro.

Bestalde, Zubiaurreko aisialdi gunerako eta Arroabeko Sakulupe parkerako 12.000 eta 10.000 eurotako partidak jarri dira hurrenez hurren. Herriguneko eskolako eta Kultur Etxeko berogailu sistemak berriztagarri bidezkoaz aldatzeko  10.000 eurotako partida jarri da. Etorra bailarako ur hornikuntzarako 21.000 euro eta Ibañarrieta auzoko Astotxiki bidea berritzeko 20.000 euro erabiliko dira. Kaleokerreko eraikin batzuen egoera hobetzeko eta Gaztetxearen leku aldaketarako ere partida berriak sortu dituzte, baina kopururik ez dute zehaztu.

EAJren aurkako botoa

EAJk aurrekontuen aurka bozkatu zuen. Garikoitz Mendizabal EAJko udal taldeko buruak azaldu zuen arlo sozialera bideratutako ekimenak “zoragarriak” eta “txalotzekoak” iruditzen zaizkiola, baina aurreko urtetan aurrez negoziatutako “hainbat gauza” ez dituztela bete mahaigaineratu zuen: “Aurrekontuak onartu izan ditugunean edo abstenitu garenean, aurrez negoziaketatan ontzat jo ditugun hainbat gauza ez dituzue bete eta horregatik emango dugu aurkako botoa”.

Udal Gobernuak zenbait gai kudeatzerako orduan izandako jarrerarekin kritiko agertu zen Mendizabal; hala nola, Euskalit programarekin egindako prozesua, kultur azpiegituren gaia edo kiroldegiaren estalkiaren proiektuaren inguruko informazioa jasotzeko modua: “Euskaliten prozesua oso lanketa interesgarri gisa saldu zitzaigun, gardena, taldean lan egitekoa. Egin genuen, zuen partetik ez dugu ikusten gaia seriotasunarekin hartzeko borondaterik. Horrek talde lanean edo beste kudeaketa klase bat martxan jartzeko gabezia adierazten du”. Kultur azpiegiturei dagokienez, 2022an herriko eragileekin egindako galdeketak argazki “oso oso kezkagarria” utzi zuela azpimarratu zuen EAJko  udal taldeko buruak. “Aurten 10.000 euroko kopurua jarri da azterketa lan bat egiteko. Beste bat? Herri honek irtenbide integral bat behar du”.

Bestalde, kiroldegiko estalkiaren proiektuaren berri bilera tekniko batean izan zutela azaldu zuen, eta horrek “seriotasunik ez” duela azpimarratu zuen. Aurrekontuetako gai gehienak “zentzuzkoak” direla nabarmendu zuen, baina beste batzuk “kudeatzeko modua” egokia ez dela izan gehitu zuen.

Arregiren erantzuna

Mendizabalek esandakoei erantzun zien Mikel Arregi alkateak. Euskaliten prozesuari buruz Udal Gobernuaren helburua prozesuaren aurreneko fasea egitea zela azaldu zuen. “Behin ebaluazio fasea bukatuta erabakitzea tokatzen zen, gure ustez ondo egon da, eman duena eman du, baina momentu honetan ez dugu ikusi zilarrezko sariaren bila joateko prozesua hastea.  Nik uste horrelako gauzak ondo daudela baina konpentsatu egin behar dutela”.

Kultur Etxeari dagokionean, alkateak azaldu zuen ez dutela bat egiten EAJk planteatzen duen proiektuarekin. “Gure asmoa kultur aretoaren handitzea da, kultur elkarteekin egindako bileretan ere inpresio hori jaso dugu. Aurreikuspen batzuk egin dira, eta birmoldaketa batzuk eginda eta beste munduko dirutzarik gastatu gabe, aforoa 80 eserlekutik 120-130 eserlekutara pasatzeko modua dago. Zestoarako hori nahikoa litzateke, besteak sekulako esfortzu ekonomikoa suposatuko luke, eta Zestoak ez dauka horri aurre egiteko moduko gihar ekonomikorik. Bestalde, auzoekiko lurralde oreka ere kontuan hartu behar da”.

Honela amaitu zuen hitzartzea Arregik: “Maiatzaren 28an udal hauteskundeak direla eta 2023ko aurrekontuen zatirik handiena datorren legealdian kudeatuko dela kontuan hartuta, gure ustez eskuzabaltasun politikoz jokatu dugu aurrekontuak era irekian onartuta, eta uste dugu hori baloratzekoa dela”.

Entzun udalbatzarra osorik: Udalbatzarra 2023-02-02




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide