Albisteak

Zestoako Udalak HAPO berriari hasierako onespena eman dio

Zestoako Udalak aho batez onartu du Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onespena irailaren 29an egindako udalbatzarrean. 1996koa da indarrean dagoen plana, eta “oso zaharkitua” dagoela azpimarratu du Mikel Arregi alkateak.

HAPO berria jendaurrean jarriko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteko epean. Denbora tarte horretan herritarrek eta eragileek alegazioak aurkezteko aukera izango dute, eta udalak aurkezpen saio irekiak egingo ditu, baita informazio panelak jarriko ere udaletxean.

Etxebizitza berriak: guztira 416

Plana etxebizitzen arloan izango duen eragin nagusia honakoa da:

Herrigune nagusia: 314 etxebizitza berri (118 sozial, 62 tasatu eta 117 libre). Eremu nagusiak izango dira estazioa, Idiazpi mendebala, Artetxe-Arozena eta Lizarraitz. Arozena hotel zaharra zegoen orubean erabilera mistoa aurreikusten da: etxebizitza eta ostalaritza uztartuz.
Arroabea: 35 etxebizitza sozialeko bloke bat eta 15 libre, guztira 50 berri.
Arroagoia: 11 etxebizitza libre.
Aizarna: 28 etxebizitza libre (Pilotaleku atzean, Santakutz eta Asuntzio kalean).
Iraeta: 13 etxebizitza libre (Otxaka eta Nagusikoan).

Planak lehentasuna ematen die dagoeneko urbanizatuak baina garatu gabe dauden lurzoru hutsuneei, lurzoru berria okupatu ordez. Helburua, alkatearen esanetan, “jasangarritasuna eta auzoen nortasuna zaintzea” da.

Etxebizitza turistikoen mugak

Etxebizitza turistikoak murriztu egingo dira: beheko solairuetan ez dira onartuko, eta lehen solairutik aurrera baizik, beti ere solairu osoa jarduera horretarako bideratuz. Gainera, etxebizitza bakoitzak aparkaleku bat izan beharko du.

Estazio zaharra eta TS fabrika, gune berde bihurtzeko

HAPO berriak eraldaketa handia ekarriko du estazio zaharrean eta TS fabrikaren inguruan. Eremua birkalifikatu egingo da eta ibaiari protagonismoa emanez gune berde handi bat sortuko da. Horretarako, Eusko Trenbide Sarearekin adostu da trenbidea ibaiaren beste aldera pasatzea. Fabrika zaharra eraisteko eta deskutsatzeko proiektuak ere martxan daude jada.

Landa eremua eta korridore ekologikoa

Baserrietan gehienez hiru etxebizitza baimenduko dira, Eusko Jaurlaritzaren araudiak onartzen duen neurrian. Bestalde, inguruko herriekin elkarlanean, Azpeitia eta Errezil, korridore ekologiko baten izendapena egitea aurreikusten du Udalak, nahiz eta hasierako onespenean oraindik ez den guztiz zehaztu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide