Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Argiola Zestoako energia komunitatearen eguzki-proiektuek aurrera egiten jarraitzen dute. Iraetako futbol zelaian jarritako plaka fotovoltaikoak dagoeneko instalatuta daude, eta Zestoako instalazioa egiteko lanak bideratzen ari dira.
Hasiera batean Zestoako Herri Eskolako teilatuan egitea aurreikusia bazegoen ere, azken orduko aldaketak medio, instalazioa kiroldegiko teilatuaren zati batean egingo dute azkenean, Udalak erabiltzen ez duen eremuan.
Bien bitartean, komunitateak martxan jarri ditu jada beste bi proiektu ere: Aizarnako instalazio fotovoltaikoa 2025eko abendutik martxan da, eta Arroakoa ere laster abian jartzea aurreikusten dute.
Herritar gehiago batzeko deia
Argiolatik azaldu dutenez, proiektu hauetan herritar askok parte hartzen dute dagoeneko, baina oraindik badago tokia erabiltzaile gehiago sartzeko. Horregatik, interesa duten herritarrei proiektuaren berri zabaltzeko eta komunitatera batzeko gonbita egin diete. Helburua sortutako energia ahalik eta herritar gehienek kontsumitzea da. Interesa dutenek, argiola@ni.eus helbidera idatzi dezakete.