Albisteak

Zestoako zaintza ekosistema proiektua aurkeztu dute

Zestoako zaintza ekosistema proiektuaren nondik norakoen berri eman zuten arratsaldean Kultur Etxean. Jakin mina piztu zuen hitzorduak, izan ere, areto nagusia goraino bete zen. Herrian egiten ari diren zaintzaren inguruko lanketa aurkeztu zuten saioan, Mikel Arregi alkateak, San Juan Fundazioko Saioa Lasa psikologoak eta Joseba Illarramendi zuzendariak, Xanti Ugarte 3Z elkarteko kideak, Zestoako Jubilatuen Elkarteko Jesus Odriozolak eta EHUko Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko Matxalen Legarretak, Maider Barañanok eta Alaitz Uriartek.

2019an abiarazi zuten Zestoako zaintza ekosistema proiektua, eta gaur gaurkoz, 3Z elkartea, Zestoako Jubilatuen Elkartea, San Juan eta Gisasola egoitzak eta Osakidetza ari dira eskutik lanean, Udalaren laguntzarekin. Proiektuaren helburua, etorkizunean eraiki nahi den zaintza eredua zehaztea da: zaintza eredu komunitarioa eta behetik gora, herritik sortutakoa.

Mikel Arregi alkateak “tokiko estrategiaren” garrantzia azpimarratu zuen aurkezpenaren hasieran. “Adinaren zaurgarritasunak eragindako enpresa asko ari dira sortzen eta zerbitzu asko pribatizatu dira. Gure ustez, egokiena erabakiguneak herrian izatea da, gure ongizaterako erabaki onenak bertan hartuko ditugulako. Zestoan hori egiteko gai gara, bertako erakundeen profesionaltasunari eta herrigintzan dabiltzan eragileei esker”. Proiektu “oso aberasgarria eta ilusionantea” dela azaldu zuen, eta “herritarren ongizaterako ezinbestekoa” izango dela azpimarratuz amaitu zuen hitzartzea.

Proiektuaren ibilbidea

2019. urtean hasi ziren proiektua lantzen. Urte hartan, San Juan egoitzan barne ariketa bat egin zuten, Saioa Lasa egoitzako psikologoaren arabera, “zahartzarora iritsitakoan zer motatako zaintza zerbitzua izatea nahiko genukeen” oinarri hartuta. Ariketa hartatik San Juan etxea izeneko dokumentua sortu zuten. Garai hartan sortu zen 3Z elkartea ere, eta San Juan Fundazioarekin harremana izaten hasi ziren, lanak, kezkak eta ezinegonak elkarbanatzeko asmoz. Bi eragileak lanean hasi ziren, eta Udalak interesa erakutsi zuen. Hori horrela, 2020. urtean, zaintzaren inguruan hausnartzeko helburuarekin Adinekoen Mahaia sortu zuten Udalak, San Juan eta Gisasola egoitzek, Zestoako Jubilatuen Elkarteak, 3Z elkarteak eta Osakidetzak.

Urte hartan bertan, eta Adinekoen Mahaiak hala erabakita, Zestoak adinean zer bilakaera izango duen ikusteko azterketa demografiko bat egin zen. Azterketa horretan jasotako datuak oinarri hartuta, Izarraitz izeneko proiektua lantzen hasi ziren. Proiektu horri esker, zaurgarritasun eta bakardade egoera arriskuan dauden pertsonen detekzioa egiteko sistema informatiko bat garatu dute. Sistema horrekin, herrian arrisku egoeran zenbat pertsona dauden eta non bizi diren jakiteko aukera dute. Mikel Arregi alkatearen arabera, helburua “sistema komunitario orokor bat” sortzea da “zaintza beharrean dauden pertsonak zaintzeko”.

Proiektuaren koordinazioa

San Juan Fundazioak hartuko du azken lau urtetan eragile guztien artean lantzen ari diren proiektua lurreratzeko ardura. Hala jaso zuten Udalak eta Fundazioak joan den asteazkenean sinatu zuten lankidetza hitzarmenean. Joseba Illarramendik aurrerantzean egingo dituzten lanak azaldu zituen: datozen hilabeteetan proiektuaren pilotajea egingo dute, Foru Aldundiaren Liburu Berdearen barruan; proiektuaren bideragarritasuna ahalbidetuko dute; zaintza eredua definituko dute; zaurgarritasun goiztiarra detektatzeko sistema martxan jarriko dute, herrigune eta auzoetako azpiegituren beharra aztertuko dute; eta, zaintza komunitarioa eta zaintza profesionala uztartuko dituzte. Illarramendik “zaintzaren negozioari” aurre egiteko “beste zaintza eredu bat” sortzea ezinbestekoa dela esan zuen, “herrian sortutakoa”.

3Z eta EHU

3Zko Xanti Ugartek elkartearen ibilbidea izan zuen hizpide. 2018 inguruan bildu ziren aurrenekoz, eta zaintzaren inguruan hausnartzen hasi ziren. “Gure egoitza herria da kontzeptu hori oinarri hartuta baliabideak sortu eta lanean hasi ginen” azaldu zuen Ugartek. Berehala izan zuten San Juan Fundazioarekin harreman eta ordutik elkarlanean jarraitu dute. Hainbat gai landu dituzte taldean: zaintza eredua, zaintza arloko legedia, finantziazio iturriak, pentsioak… Bide horretan, Zestoa, Azpeiti eta Zumaiako herritarrek osatutako Irauli Zaintza plataforma ere sortu dute, eta horrez gain, Malen Etxea eta Gipuzkoako Senideak elkarteekin harreman zuzena ere badute. “Zaintza denon arazo bat, eta denon artean heldu behar diogu” azpimarratu zuen 3Zko kideak.

EHUko Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko Matxalen Legarreta irakasleak eta Alaitz Uria eta Maider Barañano ikerlariek Zestoako zaintza ekosistema ikertu dute. Herrian zaintzaren antolaketarako dauden baliabideak aztertu eta erronkak zehaztu dituzte.

Azterketa demografikoko datuak (Iturria: Gislan)

Biztanleriaren prospektibaren datuak 2020-2035




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide