Albisteak

Zestoan eta Azpeitian ospatuko den Emakume Pilotarien Jardunaldia aurkeztu dute

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen dituen honetan, Emakume Pilotarien Jardunaldia ospatuko da martxoaren 27tik 29ra Zestoan eta Azpeitian. Gaur eguerdian egin dute jardunaldiaren aurkezpena prentsaurreko bidez.

Ekitaldian bertan izan dira Itziar Lete, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren lehendakaria, Gloria Agirre “Txikita Aizarna” raketista izandakoa, Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea, eta Mikel Arregi, Zestoako alkatea. Bai Alkorta eta bai Arregi eskertuta agertu dira emakume pilotarien ibilbidea omentzen duten jardunaldi hauek antolatu izanagatik. Ondoren, Gloria Agirrek hartu du hitza, eta adierazi du ohore handia dela beretzat aitortza hori jasotzea, nahiz eta “urte batzuk beranduago” etorri. Bere hitzetan, ibilbidea emakume raketista gisa ez da erraza izan, eta momentu onak zein gogorrak bizi izan ditu. Hala ere, pozik agertu da pilotari emakumeen ekarpena plazaratzen lagunduko duten jardunaldi hauek martxan jartzeagatik.

Egitaraua

Jardunaldia kiroldegiko pilotalekuan hasiko da gaur. Gipuzkoako emakume pilotarien erakusketa egongo da ikusgai larunbatera arte.

Bihar, ostiralez, “Raketistak Lehen eta Orain” dokumentala eskainiko da. Goizean Zestoa Herri Ikastetxeko ikasleek izango dute aukera dokumentala ikusteko, eta arratsaldeko 18:30etik 19:45era, herritar guztientzat irekita izango da proiekzioa Kultur Etxean. Sarrera doakoa izango da.

Martxoaren 29an, larunbatez, ospakizunak pilota jaialdi handi batekin jarraituko du herrian. Arratsaldeko 17:00etan hasita, Kiroldegiko pilotalekuan bost partida jokatuko dira, diziplina desberdinetakoak. Ekitaldiaren baitan, omenaldia egingo diote Gloria Agirre “Txikita Aizarnari” eta beste hainbat emakume pilotariri, euren ibilbide eta ekarpenengatik.

Hauek izango dira partidak:

1. Zesta-puntako partida:
Elezgarai-Watkins vs. Ortiz de Mendivil-Otaño

2. Teniseko pilotako partida:
Esnal-Macicior vs. Iribar-Mendizabal

3. Gurpil aulkiko vs. Zutikako partida: Ugarteburu-Mendizabal vs. Troitiño-Macicior

4. Gomazko paletako partida:
Eizmendi I-Eizmendi II vs. Irazustabarrena-Murua

5. Eskuko partida:
Arraiza-Erasun vs. Etxegarai-Mendizabal

Larunbatean ere, Azpeitian, Eskola adineko eskuzko topaketak egingo dituzte goizeko 10:00etan, Federatuen paleta topaketak 12:00etan eta jarraian, bazkaria ere izango da Elikagunean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide