Albisteak

Zestoarrak Herriarteko Txapelketako finalerdietara sailkatu dira 43 urteren ostean

Zestoako pilotariek Herriarteko Txapelketako finalerdietarako txartela eskuratu zuten ostiral arratsaldean, Bergaran jokatutako final-laurdenetako itzulerako jardunaldian sailkapena eskuratu ondoren. Kanporaketan aurretik zihoazen zestoarrak, joaneko partidetan hiru partidatik bi irabazita. Itzulerako partidetan, nahiz eta hiru partidatik bakarra irabazi, tanteoa zestoarren aldekoa izan zenez, finalerdietarako sailkapena eskuratu zuten 43 urteren ostean.

Bergarako jaiak ospatzen ari zirela eta, pilotalekuan festa giroa nabarmena zen; gainera, Zestoatik ere zale ugari bertaratu ziren euren pilotariak animatzera. Lehenengo partidan, kadete mailan, Urrestillak eta Zabalak ez zieten aurkariei inolako aukerarik eman, eta 22-3ko garaipen erosoa lortu zuten. Jubenilen mailan, ordea, Azkue eta Uriak ezin izan zuten aurkarien aurrean ezer egin, 22-3 galdu baitzuten.

Hirugarren partida, nagusien mailakoa, tentsio handikoa izan zen, Odriozola eta Sasiainek 12 tanto egin behar baitzituzten finalerdietarako sailkatzeko. Bergararrek 18-11ko abantaila zutela, tanto bakarra falta zitzaien zestoarrei hurrengo fasera pasatzeko. Hala ere, urduritasuna nabaria zen frontoian, bai pilotariengan eta baita ikusleen artean ere. Azkenean, nahiz eta 22-17 galdu, zestoarrak finalerdietan izango dira.

Asteburu honetan jokatuko dira finalerdietako joaneko partidak Zestoan, nahiz eta oraindik eguna ez den zehaztu. Oiartzun izango dute aurrez aurre, atzoko partidetan azpeitiarrei irabazi ostean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide