Albisteak
Zoroperia ospatuko da datorren asteartean
— 2023-12-20Zoroperia eguna ospatuko da aurten ere, abenduaren 26an. Egun osoko egitarau zabala antolatu dute herriko eragile ezberdinen artean.
Goizeko 10:00etan hasiko dira Idiakaitzeko txistulariak dianarekin jaieguna girotzen, hauen kalejirak eta hainbat belaunalditako trikitilariek musikaz beteko dituzte herriko txoko guztiak. 17. Barazki eta fruta lehiaketak eta Urolako 14. ezti Txapelketak nekazaritza trebetasuna ekarriko dute plazara. Erlezaintzaren zaleek beren leku berezia aurkituko dute Ezti Lehiaketaz aparte eskainitako beste ekitaldi batzuetan. Bitartean, Zestoako artisauek beren sorkuntzak erakutsiko dituzte, guztien artean merkatua kolorez betez. 12:45ean, Barazki eta Fruta, Ezti eta Sagardo lehiaketetako sari banaketa egingo da plazan eta inguruko sagardoak dastatzeko aukera ere izango da.
Eguerdian, Gaztetxean baba jana egingo dute eta ondoren gaztetxearen aldeko argazkia aterako dute. Arratsaldean, Erniarraitzek antolatutako bertso-poteoa egingo da Naia Arrizabalaga eta Aitor Mendiluzeren parte-hartzearekin. Txikienentzat ere izango da gozatzeko aukera “Zirko Bizi” ikuskizun xarmagarriarekin Kultur Etxean 17:30ean, Kiki Koko eta Mokorekin Ekain Guraso Elkarteak antolatuta.
Egunak aurrera egingo du Obaneuke erromero taldearekin, arkupeak alaituko dituzte 19:30etik afaldu arte.Gaua iritsi orduko festak jarraituko du, Obaneukek berriro hartuko du eszenatokia arkupeetan, eta Gaztetxean, berriz, Dj m&m-k gaztetxean arituko da, gaueko ordu txikiak arte.
Egun honen inguruko erreportajea idatzi du Fernando Arzallusek aste honetan jaso duzuen paperezko Danbolin alean.
Egin zaitez bazkide