Zuhaitzen magia
— 2016-04-11Zuhaitzek ba omen dute nolabaiteko magia, eta horrela uste izango zuen, seguruenik, gure aitonak ere. Hark aterako zien, bai, etekin magikoa zuhaitz adaska gazteei, bere ditxosozko makilak zirela eta. Izan ere, makilak egiteko zaletasuna baitzuen gure aitonak.
Itxura askotakoak egiten zituen, eta horretarako egur klase ugari erabiltzea gustatzen zitzaion. Esate baterako, hurritzarekin makila dotore askoak egiten bazekien: zuzen-zuzenak, arinak, pintarra-pintarrak… Elorriarekin egindakoak, berriz, beltz-beltzak eta nahiko astunak izan ohi ziren.
Niri gaztainondozkoak gustatzen zitzaizkidan gehien; horiek egiteko, metro eta erdi inguruko adaska gazte bat aukeratu, eta biribildu egiten zuen lurretik metro batera edo. Horrela uzten zuen pare bat urtean, gutxi gorabehera. Inoiz ikusi izan nituen elkarren ondoan horrelako dozena erdi makila-gai, beren biribil eta guzti. Loditasun egokia hartzen zutenean, moztu ipurditik –neguan eta ilbeheran beti–, eta ganbaran jartzen zituen ihartzen. Handik hilabete batzuetara, neurrian moztu, ia prest egoten ziren makilak, ukitu batzuk eman eta gero. Gaztainondo gazteak azal beltz-beltza izaten du, eta gure aitonaren azken ukituen ostean, orduan eta beltzagoak eta ederragoak geratzen ziren makilak; izan ere, olioz edo argizariarekin igurtzi-igurtzi egiten zituen, eta orduan hartzen zuten haiek edertasun berezi hura.
Gure aitonak laurogei urtetik gora zeuzkanean, burua joaten hasi zitzaion, eta horrela eman zituen hilabete batzuk, hil arte. Baina, orduan ere, nahiz eta makalduta egon, buru hartan zerbaitek esaten zion etxe inguruko gaztainondoak puri-purian egongo zirela makila beltzaran eder haiek egiteko. Behin baino gehiagotan, abiatu ere egin zen makilak egiteko asmoarekin, baina ordurako, errealitateak eskaini ezin zion kapritxoa, amets soila bilakatua zen aitonaren zaletasun hura.
Egin zaitez bazkide