Paperekoa
[ZUTABEA] Adimen Artifiziala, lagun edo etsai?
— 2025-04-20Adimen artifiziala (AA) sistema informatikoen bidez giza adimena imitatzen saiatzen den teknologia bezala definitu genezake. Teknologia mota honek gero eta presentzia handiagoa du gure egunerokoan, eta gaur egun, askotan, ohartu gabe erabiltzen dugu. Esate baterako, YouTube, Netflix eta antzerako plataformetan edukiak gomendatzen dizkiguten algoritmoak AArekin sortuak dira.
Azken bi urteetan, ChatGPT-ri (OpenAI) esker, AA Generatiboa izeneko teknologiak oihartzun handia hartu du, eta ulertzekoa da, teknologia hau edonorentzat baitago eskuragarri, izan ere, lengoaia naturala erabiltzen baita berekin komunikatzeko. Horren harira, egun, munduko empresa teknologiko handienek nolabaiteko lasterketa hasi dute teknologia berri honen erreferente bilakatzeko. Horrek, AA Generatiboaren garapenari izugarrizko bultzada eman dio, eta jada edonorentzat eskuragarri aurkitzen dira testuak, irudiak, bideoak, musika, etab. sortzeko plataformak.
Bestalde, baditu bere alde txarrak ere, aurrerapen horien eskutik arrisku ugari baitatoz, esate baterako identitate ordezteak edota lanpostuen gutxitzeak. Gaur egun jada errealitatetik bereizi ezin diren bideoak sortzeko gai diren tresnak sortu dira, beraz erreza litzateke guk nahi dugun pertsona baten identitatea ordeztea, esate baterako, bere aurpegi eta ahotsa erabili eta bideo bat sortuta. Zuen esku horrek ekar ditzakeen ondorioen inguruan hausnartzea…
Noski, horrelako mehatxuei aurre egiteko, Europar Batasunak AAren erabilera etiko eta segurua ziurtatzeko arauak sortu ditu, arrisku-mailaren arabera sailkatu eta horien aurrean hartu beharreko neurriak adierazi ditu. Etorkizun laburrean ikusiko dugu ea nahikoak diren hartutako neurriak AAren erabilera arduratsua bermatzeko…
Amaitzeko, esan, nire iritziz ezinbestekoa dela AA onartzea, jada gizartean oso barneratuta baitago eta ez baita desagertuko. Gainera, herrialde bezala, erabiltzeari uko egiteak lehiakortasuna galtzea ekarriko luke, beraz, gakoa egokitzea, prestatzea eta abantailak arduraz baliatzea da.
Mikel Armendariz
Egin zaitez bazkide