Albisteak
[ZUTABEA] Azkenaren bila
— 2021-12-30]Goizean jaiki eta mugikorra piztean, Joneren mezua: “Gogoratzen al haiz zein hilabetetan gauden eta zer tokatzen den?”. Ene bada, jada igaro al da urtebete? Urtebete azken zutabea idatzi nuenetik? Egutegiari so egin, eta bai, abendura iritsi gara. Baina zeinen azkar pasa den urtea, ezta?
Abendua, hilabete iluna eta aldi berean oso argitsua. Argitsua esatean, hainbat herri ikusten hasia naiz Gabonetako dekoratu eta argiekin apaintzen ari direla eta dena prestatzen hasiak direla Gabon jaiak ospatzeko. Hilabete iluna esatean, askok pentsatuko dute eguraldiari eta negu giroari buruz ari naizela. Bai, hori ere egia da; nor ez da nazkatu horrenbeste euri eta ekaitzekin? Gustura hartuko genituzke eguzki izpi batzuk ere. Baina konturatzen al gara argindarraren prezioak nola egin duen gora? Horrek bezalaxe, beste hainbat gauzak ere gora egin dute, baina, aurten, oihartzun handienetakoa izan du argindarrak. Izango da hainbat etxe Gabonetako argiekin apaindu ezin denik, eta bertako haurrei nola azaldu hori? Gabonak desberdin ospatu behar direla? Eta argirik ikusi ez eta Olentzerok geldialdirik egiten ez badu zer, oparirik gabe?
Hainbat eta hainbat galdera etortzen zaizkit burura eta erantzunak, berriz, abenduko eguraldia baino ilunagoak dira asko. Betiko pentsamenduak burura: nola biziko dituzte herrialderik txiroenetako haurrek egun hauek? Oparirik izango al dute?
Oraindik garaiz nabilelakoan nago, eta Olentzerori eskutitza idatziko diot. Aurtengoan, ordea, ez da beste urtetakoa bezalakoa izango, ez horixe. Beharbada izango da Gabonetako argiz apainduta dagoenik nire inguruan, eta ez dagoenik ere bai. Nik eskatu nahiko nioke argitasun pixka bat heltzea nahiko nukeela etxerik txiroenera. Ustez zintzo samarra izan naiz urtean zehar, eta zapatak ondo garbitzera noa badaezpada. Ea urteari amaiera ematen dion hilabete honetan etxe guztietan poztasun ukitu bat izaten den.
Amaia Agirre
Egin zaitez bazkide