Albisteak

[ZUTABEA] Begi itsuak, negarrik ez

Lehengo baten lehengusina batek, Lesbos irlako Moria berria izeneko kanpamentuan bizi duten egoera lazgarria erakusten duen bideo bat bidali zigun Whatsapp bidez.

Kanpamendu (kartzela) honetan neguko hotz eta euriari aurre egin ezinda dabiltza. Bertan direnek, batik bat familia eta haurrek, bizi duten sufrimendu eta desesperazio egoera argi islatzen da. Egoera jasan ezinda, bere buruaz beste egiteko pausoa ematera iritsi diren haur eta gazteen kasuak ere badaude.

“Lehenengo mundu” honetako konfort egoeratik, munduan zehar dauden makina bat drama ikustera ohituegiak gaude tamalez. Beraien lurraldea utzi eta bizi hobeago baten bila joatea beste aukerarik geratzen ez zaien milaka pertsona dago bidean. Gerrate, gose edo miseriatik ihes egitea beste aukerarik geratzen ez zaien jende oldea. Horietako askok bide luze eta arriskutsu horretan bizia galduko dute gainera.

Lurralde horietako egoera lazgarri horien atzean , gehienetan, lehenengo mundu bezala ezagutzen diren nazioen interes ezberdinak egon ohi direla jakiteak, errudun sentiarazten nau. Nire barnean sortzen diren sentsazio eta kontraesanak ugariak dira.

Desoreka horri amaiera emateak gure esfortzu edo konpromisorik ez ote duen merezi pentsatu izan ohi dut horrelakoetan; errukiak ez du mundua aldatzen. Baina ondoren galdera eta gogoeta nahaste borraste batean murgiltzen naiz.

Zer egin, nola egin; gure txikitasunetik munduaren handitasunari eragiteko gai ote garen galdetzen diot nire buruari.

Orekatzekotan, gehiago dugunok gutxiago izan beharko dugula eta horretarako prest egongo nintzatekeen hausnartzen dut.

Mundua gidatzen duten eliteen eskuetan gauden txotxongilo batzuk besterik ez garenaren aitzakia jartzen diot ondoren.

Gure artean ere nahikoa drama, injustizia eta desoreka baditugu eta hauek konpondu ahal izateko nahikoa egiten ez dudala akordatzen naiz ondoren.

Minutu gutxi batzuk burutazio eta aitzakia artean noraezean ibili ondoren, bertan behera geratzen da beti nire gogoeta solidarioa. Kontzientzia lasaitxoago agian, baina ezer egin gabe finean.

Hurrengo irudiak pantailaratu arte; begi itsuak, negarrik ez.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide