Paperekoa

[ZUTABEA] Besarkadak

Euskarazko hitz politen zerrendan ez dakit “besarkada” hitza ba ote zetorren. Hitzaren jatorriak sortzen duen “besoen arteko arkua” izan daiteke.

Googlek oparia egin zidan behin eta mugikorrean “Besartean” izenburudun oroitzapena bistarazi. Nondik aterako zuen inoiz entzun gabe neukan hitz hura? Nire argazkiekin egindako segida hartan “beso-artean” geunden/zegoen nire inguruko jendea. Bi sentimendu/pentsamendu sortu zizkidan; lehenengo haserrea, nor da Google nire argazkietan aukeraketa egiteko? baina ez zidan asko iraun, izan ere, oso momentu politak erakusten zizkidan.

Besarkada denak ez dira ederrak, ordea. Bakoitzak gure espazio bitala dugu (horrela deitzen da eroso sentiarazten gaituen besteenganako distantzia). Besarkatzerakoan norberaren espazioa inbaditzen da, eta hori ezin du edozeinek egin, bik nahi behar dute funtziona dezan. Gorputza oso jakintsua da eta besarkada atsegina bada, oxitozina sortzen du, maitasunaren hormona. Aldiz, borondatearen kontrakoa denean, alerta egoeran jartzen da eta tentsioarekin lotutako hormonak askatzen dira, ez da magiarik sortzen.

Batzuk erraz ematen dituzte besarkadak. Izan ere, egoera askotan balio dute; iristean edo alde egitean agurtzeko, poza ospatzeko, pena samurtzeko, maitasuna adierazteko… Umeek titia hartzean ere, amek besartean dituzte eta txikitxoek ere besarkatuz edaten dute. Zenbat ordu pasatzen diren horrela askotan kontziente ere izan gabe!

Besarkadek oxitozina jariatzeko ez dago kontaktu fisikoaren beharrik, ikusitako besarkadek ere ondo sentiarazi gaitzakete. Zirrara eragiten dit gure lau urteko alaba lagun minarekin besarkatzen ikusteak, elkarrengana korrika joaten dira, barrez. Beste besarkada batek ere barrua eta begiak bete izan dizkit. Oso gertu bizi diren arren, adinagatik mugitzea kostatzen zaienez, bi aldiz bakarrik elkartu dira aurten amona eta bere laguna: a ze bi besarkada!

Bolada batean WhatsAppeko perfilean nuen argazkia lagun batek ikusi, zuri-beltzean marraztu eta koadro batean oparitu zidan. Bertan gure bi umeak elkarri begira daude eta alabak anaia jaioberria besoaz inguratuta dauka. Ospitaletik etxera etortzean Amets ohean etzanda ezagutu zuen Maddik; alboan etzan eta besarkada irribarretsu goxoa eman zion. Momentu hura memorian daukat. Argazkikoa biharamunean izan zen, alabak esnatzean egunonak eman zizkion eta guri bigarren oparia egin. Orduantxe atera nuen argazkia. Maite zaituztet!

Eguzki Iraolagoitia




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide