Albisteak
[ZUTABEA] Bigarren pisuko sototik
— 2022-02-11Ia bi urtez ez kutsatzea lortu dut. Baina oraingo honetan, olatua baino tsunamia gehiago den honetan, birusak harrapatu nau eta konfinatzea tokatu zait. Zorionez etxean bakarrik harrapatu nau, eta ez daukat gela baten barruan egon beharrik.
Mugikorra, telebista, irakurketa… entretenitzeko denetik dut etxean. Eta komuneko papera ere bai! Ez naiz telebista zalea, baina onartu beharra dut behar baino ordu gehiago egiten dudala haren aurrean dokumentalak, lehiaketak edo serieak ikusten. Albisteak gutxi orain. Nazkatuta nago horrenbeste albiste txar ikusteaz. Nazkatuta gezurrak entzuteaz, mezu kontrajarriez. Ustez libratzen ari ginen musukoa berriro ere egunerokoa bihurtu da. Berriro ere murrizketak ditugu. Eta berriro ere ostalaritza izango da kaltetuena.
Talde immunitatea lortzeko txertatuak edo gaixotasuna pasatakoak biztanleriaren % 70 izan behar zuela zioten. Orain zer eta % 90 baino gehiago txertatuta gaudenean etorri zaigu olaturik handiena. Nola ulertu hori txertatzeak immunizatzen gintuela saldu digutenean? Hirugarren txertoa hartzeko motibazio ederra! Eskerrak txertoak heriotzak murrizten laguntzen duen behintzat.
Lehenbiziko olatua, bigarrena, hiru, hildako piloa, baina, denborak garbi erakutsi digu ez dugula ezer ere ikasi. Murrizketak bukatu orduko berriro ere lehengora bueltatzen gara ezer gertatu ez bazen bezala. Eta to! Beste olatu bat, murrizketak, musukoak, beldurrak… Ez daukagu erremediorik!
Ez dut dudarik egiten interes ekonomiko pila bat dagoenik honen denaren atzean. Horrenbeste txerto, musuko, NBE (norbere babeserako ekipo), test… norbait ederki aberasten ariko da! Eta bitartean osasun publikoan langile faltan. Nola prebentzioak ez duen funtzionatzen, ez dugulako ikasten, indartu dezatela osasun publikoa. ZIUetako paziente kopurua erabiltzen dute neurgailu gisa, ba orduan ZIU ohe gehiago jarri, kontratatu langile gehiago, egin ospitale gehiago, hornitu materialez daudenak. Eta osasun publikoa indartzeak hildakoak gutxitzea ere ekarriko du, eta ¨normaltasunera¨ bueltatuko gara.
Hau ez da bukatuko. Honekin bizitzen ikasi behar dugu. Errespetuz agian, baina beldurrik gabe.
COVID 19a bezain txarra baita beldurra ere.
Manu Izeta
Egin zaitez bazkide