Albisteak

[ZUTABEA] Desorientatzailea

Pedagogiako gradua ikasi nuen, eta hala ere, ez dakit azaltzen zehazki zer den. Pedagogiaren helburua pertsonak eta gizartea barnetik eta kanpotik eraldatuz humanitatea hobetzea da. Baina helburu hau lortzeko eduki ditzakeen ikuspuntuak oso anitzak dira, horregatik, oso zaila egiten zait definizio batean zer den azaltzea. Ikuspuntu horietako bat hezkuntza da, eta arlo horretan nabil lanean orain.

Nire lana besteak beste, gure ikasleei bizitzarekin zerikusia duten galderak eta zalantzak erantzuten saiatzea da. Nire lana ikasleei arlo akademiko, sozial zein pertsonalean orientazioa eskaintzea da. Eta ez da batere erraza, izan ere, sarritan nerabeek dituzten kezka berak edo gehiago izaten ditut nik, eta zalantza egiten dut haiei laguntzeko pertsona egokia ote naizen.

Orientatzailea naiz, batzuek “desorientatzaile” edo “ikasketak aukeratzen laguntzen duen hori” bezala ezagutzen dute nire lana. Nire generazioko jendeak, oro har, orientatzailearekin izan genuen esperientzia ez zen positiboa izan, hobeto esanda, ez genuen ia esperientziarik izan, figura nahiko ikusezina izan baitzen guretzat.

Ikusezintasun horren arrazoiaren bila nabil orain. Izan ere, ez nintzen ikasle eredugarria izan, auto-exijentzia handirik ez nuen, eta motibazioa ere justukoa. Ezaugarri horiek dituen ikaslea ikasle “txar” gisa hartzen da, baina agian txarrak edo aldatu beharrekoak ikasleak jasotzen dituen espektatibak eta estimulazioak direla ondorioztatu dut azken urteetan. Esango nuke desorientatutako ikaslea nintzela, nonbait eta nolabait iparra galdu zuen ikaslea, bere bidea aurkitzen laguntzeko iparrorratzik eskaini ez zioten ikaslea. Agian, hori izan daiteke orientatzaile bilakatu izanaren arrazoia, niri erantzun ez zizkidaten galderen erantzuna aurkitzen lagundu nahi diedalako orain galduta sentitzen diren ikasleei.

Paradoxikoa da, baina orientazio txar samarra daukat, eta sarri galdu ohi naiz ezagutzen ez ditudan lekuetan. Hala ere, batzuetan galtzea da norbere bidea aurkitzeko modurik onena, ez al zaizue iruditzen?

Aizpea Aristi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide