Albisteak

[ZUTABEA] Elisabeth Pombo. Zestoa arnasgunea da. Noiz arte?

Azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzak, UEMAk eta Nafarroako Euskarabideak antolatutako ARNASETIK egitasmoan lan egiteko aukera izan dut. Egitasmo hau LH5etik DBH4ra arteko haur eta nerabeei zuzendutako bideo-sormen lehiaketa bat da, ‘Arnasa Gara’ deitzen den egitasmo zabalagoaren parte dena. Informazio gehiago nahi baduzue, www.arnasagara.eus webgunean sar zaitezkete. Egitasmo horrek arnasguneak balioan jartzea eta bertako biztanleak eta zehazki belaunaldi berriak ahalduntzea du helburu, arnasguneetako bizimoduaren eta bertako euskararen erabileraren errealitatea gizarteratuz. Euskararen biziberritze eta biziraupenari begira, arnasguneek berebiziko garrantzia dute eta zorionez, Zestoa arnasgune bat da, baina noiz arte? Arnasguneek euren izaerari eusten jarrai dezaten, egunero-egunero elikatu behar dira, bikote arteko harremana bezala. Zer dira arnasguneak? Txosten ofizialaren arabera, “Eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, herrixka, eskualdea, harana…) dira arnasguneak, zeinetan herritarrek beren egunerokoan, gunean bertan dituzten komunikazio harremanak (oinarrizko beharrei lotuak, familiakoak, lagun artekoak, sozialak, administratiboak, eskola girokoak, ekonomikoak…) nagusiki euskaraz garatzen dituzten. Bertako hiztunen hizkuntza-gaitasunari erreparatuta, gehienek euskara dute errazen/ongien erabiltzen dakiten hizkuntza”. Hau irakurrita esango zenuke Zestoa arnasgune bat dela? Nik bai, baina ezaugarri zehatzei erreparatuta eta etorkizunean begirada jarrita, ezinegona sortzen zaidala ezin uka. • “Arnasguneetan euskara belaunez-belaun transmititzen ohi da familia gehienetan” dio txostenak. Etxeko erabileran euskara al da gaur egun nagusi? Seguru al gaude? • “Erabilerazko hizkuntza-bilakaera prozesuetan indartsuagoa da jatorriz euskara ez zekitenen euskalduntzea, jatorriz euskaldunak diren hiztunen erdalduntzea baino”. Nik esango nuke gaur egun hau ez dela horrela gure herrian, zenbat gaztetxo entzuten ditudan erdaraz jatorriz euskaldunak ez direnekin, nahiz eta ikasgelan eurekin euskaraz aritu! Arnasguneek mendez mende eutsi diote euskararen erabilerari, eta aurrerantzean ere bertako hiztunek hartzen duten jarrera erabakigarria izango da euskararen etorkizunari eta erabilerari begira. Benetan jakitun al gara zer nolako altxorrak inguratzen gaituen? Eta gure gaztetxoek hau horrela sentitzen al dute? Gure egunerokoan naturaltasunez euskaraz bizi gaitezke, inguratzen gaituzten harremanetan hizkuntza jarrerak baldintzatzeko ahalmena daukagu; euskara ongi egin ez, baina euskaraz ulertzen duen horrekin euskaraz lehen hitzak eginez, etorkinen euskalduntzean lagunduz, azken finean euskararen etorkizuna bermatuz. Horregatik pena handia eman zidan ikusteak Zestoako eskolako talde bakar batek ere ez zuela lanik aurkeztu bideo-sormen lehiaketan. Aukera polita zen gaiari buruz hausnartzeko, gure haurrak gaian ahalduntzeko eta sormen lan bat aurrera eramatera animatzeko. Aukera galduetatik ere ikas daiteke, jarraitu dezagun egunero gure hizkuntzaren aldeko jarrerak elikatzen, hori horrela izan dadin testuingurua badugu oraindik.

Elisabeth Pombo




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide