Albisteak

[ZUTABEA] Esnatu

Urtearen amaiera iristen ari gara eta hemen nauzue berriro. Oraingoan larrialdi klimatikoa dela eta Glasgown egiten ari den COP26 konferentziaren inguruan aritzeko asmoa nuen, baina aurreko nire zutabea berriro irakurrita ikusi dut orduan ere aritu nintzela larrialdi klimatikoaz. Eta ez dut nahi aspergarria izatea, baina gai honek oso kezkatuta nauka. Arituko dira munduko agintariak hau eta bestea esaten, konferentzian dauden bitartean lo hartzen, egingo ez dutena agintzen… Eta normala da gizarteak pentsatzea norberak egindakoa ez duela balio, keinu txikiegia dela egindakoa, baldin eta agintean edo “goian” daudenek ez badute ezer egiten.

Beste hainbat gaiekin ere panorama berdina, herritarrak beti dena ordaindu behar. Hau da, argi indarraren prezioa zerutik gora, gasolina eta gasoilarena ere (ez dakit zerutik gora zer dagoen, baina horraino iritsi da). Egunkarietan ia egunero horien prezioak “maximo historikora” heldu direla diote, eta egun batzuk igaro ondoren, oraindik eta garestiago. Pentsioen sistemarekin ere adarra jo nahi digute: erretiro adina 67 urtera igo eta orain kotizazio urte kopuru gehiago hartuko direla esan dute. Gaur egun gazteak lan munduan sartzeko aukerak ere murriztu eta gero, gero eta beranduago hasiz kotizatzen, nola demontre osatuko dira behar diren kotizazio urte horiek pentsio duin bat izateko?

Iruditzen zait nahi duten dena egiten ari direla eta gu lo gaudela. Lo sakonean gainera. Ez diogu beharko lukeen bezala erantzun  argi indarraren eta beste erregaien prezioaren igoerari, pentsioak aldarrikatzen ere pentsioa kobratzen ari direnak ari dira. Hor guri tokatzen zaigu egotea, geure pentsioak eta geure ondorengoak daudelako kolokan.

Agintarien lana ikusiz gero ezkorrak izateko arrazoiak ditugu, bai; baina borrokak balio duela sinetsi behar dugu, hainbat urteetan balio izan du, eta orain ere bai. Ezer ez badugu egiten ez dugu emaitzarik izango. Aldiz, zerbait eginez gero, aukera behintzat izango dugu. Beraz, esna gaitezen eta borroka dezagun!

Erkuden Larrañaga




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide