Albisteak

[ZUTABEA] Ez ehortzi gure lurra

Erkuden Larrañagak apirileko zenbakian idatzitako zutabea:

Hala dio Caroline Philips eta Mixel Ducauren kantak: “Ez ehortzi gure lurra, gu baikara lurra bera”. Esaldi horrek ederki laburbiltzen du gure lurrarekin egiten ari garena. Aspaldi hasi ginen entzuten aldaketa klimatikoa, berotegi efektua… eta antzekoak, gure hiztegian txertatu direnak. Baina nago, nahiz eta hiztegian txertatu, ez garela benetan jabetu zer esan nahi duten. Edota ez dugula jabetu nahi, askotan iruditzen baitzait bigarren honetatik gehiago duela bizi garen gizarte honek.

Baina badugu beste hitz bat aurrekoei gehitu behar zaiena pandemia garai honetan: zoonosia. Animalietatik gizakietara hedatzen diren gaixotasun infekziosoei deritze horrela, eta zerikusi zuzena du naturaguneen suntsitzearekin eta bioaniztasunaren galerarekin.

Berrian irakurri nuen: “(…) azken hamarkadetan izan diren gaixotasun kutsagarrien %30 zuzenean lotu litezke lurraren erabilera horrekin, hau da, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboa sustatu, deforestazioa handitu eta urbanizazio prozesu erraldoiak martxan jartzen dituen eredu horrekin. Berezko ekosistemarik gabe geratzen diren edo salerosketarako erabiltzen diren animaliekiko harreman horretatik datoz nabarmentzen hasiak diren gaixotasun berriak gizakiengana.” Eta guztiz sinesgarria egiten zait hori, ze, nire ustez, guk gure bizimoduarekin lurrak duen ziklo naturala hausten dugu, eta horrek bere ondorioak ditu.

Eta orain birus bat ezagutu dugu, eta ikasiko dugu harekin bizitzen. Baina bizimodu mota honekin jarraitzen badugu, gero beste bat izango da; eta horrela etengabean. Gure egunerokotasuna igarotzen dugu pandemia garaian ezartzen dizkiguten murrizketak barneratzen, ikasten. Ikasi ditugunean, desikasten, etengabean aldatzen dizkigutelako. Egunerokotasuneko denbora zati txiki bat behintzat eskaini beharko genioke arazoaren muinari erreparatzen, benetan hausnartzen zer egiten ari garen gure lurrarekin, gure bizimoduarekin, eta ze etorkizun nahiko genukeen gure ondorengoentzako. Lurra bakarra da, eta geure burua ehorzten ari gara.

EZ EHORTZI GURE LURR

Erkuden Larrañaga




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide