Paperekoa

[ZUTABEA] Ezuzteko laguna

Abenduak 28. Altzolarats errekaren albotik (edo Granada, ez dakit non bihurtzen den bat bestea, barkatu ezjakintasuna), baserriz baserri doan bidean, bueltatxo bat ematen ari gara. Natur paraje ederra da benetan, altxor txikiak ezkutatzen dituena: Erreka bera, zubiak, errota, ur jauzia… Ez dakit ziur Zestoako lurrak diren ala ez; izan ere, zuen herria inperio txiki bat dela konturatu naiz urte hauetan: hori da hori hedadura eta auzo festa! Getariar bat joan zen mundua konkistatzera, baina zestoarrak ere ez zarete makalak!

Beno, txantxak alde batera utzita, noan harira. Pozik goaz emaztea eta biok tipitapa. Baserri bakoitzean, jakinekoa: txakurrak zaunkaka. Ur jauziraino iritsi gara, eta alboko baserriko txakurrak urduri, batik bat border collie zuri-beltz polit bat. Eta, halako batean, hesia azpitik igaro eta guregana dator.

Egia esan, ez gara beldurtu. Aurpegian eta begiradan ezagun du zintzo datorrela. Makil bat ekarri digu, eta, hura botaz eta nola ekartzen digun ikusiz, jolasean aritu gara.

Buelta egiteko ordua da. Eta txakurra gurekin. Metroak egin, baserriak igaro, eta txakurra gurekin. Josunek nik baino fede gehiago dauka etxera bueltatuko dela. Iritsi gara GI-2633 errepideraino. Eta txakurra gurekin. Kotxean sartu garenean, txakurrak buelta erdia eman, eta, etxera itzuliko delakoan, errepide nagusira atera da. Beldurtu egin gara. Ea autoren batek harrapatu behar duen! Ez dugu han bakarrik utzi nahi.

Bi aukera: berriz ere oinez egin bide osoa, edo… Kopilotuaren eserlekua libre utzi, eta itxaropen gutxirekin txakurrari deitu diot. Albora etorri denean “sartu barrura” esan diot, pentsatuz “hik nahi duala-eta sartuko duk txakurra kotxera!”. Esan orduko, salto batekin barruan da, eserlekuan dotore jarrita. Han abiatu gara. Alabei argazkia bidali diegu. Gero horrek zaputza ekarri du. Etxera generamala uste izan dute. Izena ere jarri diote. Zuen etxean ere haurrek eta gazteek txakur bat nahi al dute? Gurean sutsuki. Beno, iritsi gara helmugara. Atea zabaldu, eta zaust! Jauzi eginez bere baserrira itzuli da. Inork espero badu, idatziaren hasierako data ikusita, inozentada bat dela esango dizuedala, ez da horrela. Egia berdaderoa kontatu dizuet. Sinisten ez duenak, erakutsiko diot nahi badu argazkia, ni txofer, eta alboan señorito señorito edo señorita señorita (ez nintzen fijatu, egia esan) gure lagun txakurra!

Kepa Iribar




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide