Albisteak

[ZUTABEA] Gaztetxea zentrora

10 bat urte izango dira dagoeneko Gazte Asanbladaren parte izaten hasi nintzenetik. Garai onak eta txarrak izaten diren moduan, azken hamarkadako urte batzuk oso urriak izan ziren Gazte Asanbladarentzat; ia desagertzeko zorian egon zen. Duela hiru bat urte, ordea, gazte talde bat osatu, eta ilusio eta indarrez ekin genion berriz lanari. Egun, hainbeste denboraren ostean, Asanblada bere loraldian dagoela esan dezaket, inoiz baino partaidetza handiagoarekin gainera.

Gure jarduna aurrera eramateko orduan, ordea, azpiegitura aldetik ditugun arazoak azaleratuz joan dira, eta, batzuetan, oztopo bihurtu dira: espazioaren kokapena eta azalera, segurtasun neurriak, herrigunetik kanpo egotea…

Irailaren 18an aurkeztu zen publikoki, prentsaurreko bidez, Gazte Asanbladaren proiektua, eta han aldarrikatu zen gaztetxea zinema zaharra eta zentroa dauden eraikinera lekualdatzea, hainbat eragileren babesarekin batera; aipatzekoa da Fundizio Musika Elkartearekin izango den elkarlana. Elkarlan horren bidez, helburua da eskaintza zabala izango duen areto bat kudeatzea, herriari falta zaion hori emanez. Kontuan izan behar dugu oso garrantzitsua dela halako proiektu bat aurrera ateratzea, datozen urteotan areagotuko den krisi kapitalistak zer ondorio ekarriko dituen ikusita. Gazte antolakuntza eta langile kontrolpeko espazioen indarra beharrezkoak izango dira etorkizun gertu batean, haiek gabe gazteek behin eta berriz zapalduak izaten jarraituko baitute bestela.

Egoera larri hau aurreikusita, herria zein herriko gazte mugimendua bizirik irauteko ezinbesteko erreminta dugu lortu nahi dugun espazio berria. Krisi kapitalista gainean dela, diruaren logikatik at funtzionatzen duen espazio autogestionatu bat izango dugulako herrian, aisialdi alternatibo ez-kontsumista bat bultzatuko duena. Arerio zuzena dugun sistema kapitalistaren aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa dugu gazte antolakuntza eta langile borroka.

Zer etorkizun izango dugu gazteok bestela? Zer izango da gure herriaz hemendik urte batzuetara? Galdera horien aurrean irtenbide bakarra dagoela iruditzen zait: gazte antolakuntza. Besterik gabe, gora gazte antolakuntza eta langileon borroka!

Gaztetxea zentrora!

Oroitz Urbieta




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide