Paperekoa
[ZUTABEA] Gogoan dut
— 2023-12-29Ederra eta hunkigarria Maddi Alberdik azken Danbolinen proposaturiko ariketa. Momentu batean gazte sentitu arazi ninduen Zestoari loturiko hainbat oroitzapen elkarbanatzen genituela ikustean. Baina azkar aldatu zait sentipena neuk ere ariketa berdinari ekin diodanean:
Gogoan dut Porttu jatetxea (eta bertako kroketak) eta Agustinen Agustin egon ohi zela barra atzean (eta Romanaren tortilla) Herreroko “barrenitak” zuten arrakasta ere gogoan dut, baita Alkortaneko igandetako raba usaina ere. Gogoan dut Eugenioren gozogintza fina, baina harro esan ohi nuen gure Amama Xoleren moka Alkortanekoa baino goxoagoa zela. Eta gogoan dut pastelez gainera etxean egindako izozkiak saltzen hasi zirenekoa.
Gogoan dut Laranjadiko iturri berdea, bertako zuhaitzetan bakarrik jolas zitekeen beisbolito eta arkupetako cruz bollo campanario. Baita parke berria egin zutenean lurrazka eta frontoian gambazka jokatzea ere.
Gogoan dut orain Goxuri den tokian zegoen bolera, botika zaharra eta Keperinek harategi barrura sartu eta ezkutuan oparitzen zidan gibela.
Gogoan dut Ken 7 lehen aldiz Lizarritzeko zelaian entzun nuela AEK egun batean, eta Oskorri edo Kepa Junkera izan genituela plazan. Gogoan dut festetan ezkonduen eguna egon ohi zela, eta plazan karaoke herrikoia.
Gogoan ditut kanterako tiroak. Gogoan igandero okindegi ezberdin batean erosi behar zela ogia, eta Potxolo ireki baino askoz lehenago eros zitekeela egunkaria Pilarri oihu eginez.
Gogoan dut Enriketak goxokiak 5 xentimotik 6ra igo zituela eta Goxobol ireki zutenekoa. Juanitaneko flashak eta kantinplorak, eta Miantxaneko konjelito morenauak.
Gogoan dut Andereño Kontxita jubilatu zen eguna. Gogoan udaletxe atariko kristalezko kuboan arkupetako eskailerak eta liburutegian internet jarri zutenean liburu batean bilatzen genituela web orriak.
Jarrai nezake, baina zaharregi sentitzen hasia naiz dagoeneko. Ariketa polita da oroipenak ekarri eta nostalgiko jartzea, nostalgia aspaldiko momentu horietan zoriontsu izan garenaren adierazle baita.
Jagoba Astiazaran
Egin zaitez bazkide