Albisteak

[ZUTABEA] Hemen gaude

Duela 12 urte inguru ohartu nintzen ez nintzela uste nuena bezain heteroa, eta garai hartaz zehazki gogoratzen ez naizen arren, badakit momenturen batean sentsazioa nuela Arroako “lesbiana” bakarra nintzela. Jendeak hori jakiten bazuen nitaz hitz egingo zuela, kristoren notizia balitz bezala. Ez dakit zenbat hitz egingo zuen herriko jendeak nire lesbianitateaz, segur aski nik uste baino gutxiago. Baina gaur egun kontrakoa gertatzen zait: frustrazioa sortzen dit norbaitek heterotzat hartzen banau.

Orain lau haizeetara aldarrikatu nahi dut bollera naizela, eta ez pentsa arretaren erdigunean egotea gustatzen zaidanik (horregatik egiten ditut aldarrikapen hauek idatziz, gero bakoitzak zuen etxeetan irakur ditzazuen). Nahi dudana da, besterik gabe, gogoraraztea hemen ere bagaudela, herri eta auzo txikietan existitzen garela bollerak, marikak, generoaren bitartasunarekin bat egiten ez dugunak, transak. Baina ikusezin bihurtzen gara. Jone Expositok, Danbolinek bere lanari buruz egindako elkarrizketa batean, egin zuen galdera: non daude Zestoako LGBTI+ pertsonak?

Horixe jakin nahi nuen duela 12 urte, baita gaur egun ere. Eta bakoitzak bere soluzioak bilatzen ditu, aizue, ez da erraza heteronormatibo artean norberaren identitatea, afektibitatea edota sexualitatea garatzea eta konpartitzea. Betiko leloa da: hetero askori iruditzen zaie gainerakoak beti gure sexualitatea, gure luma, publiko egiten ari garela, baina egiaz heteroen normalitatea da egunero bonbardatzen zaiguna, iragarkietatik, haurren jostailuetatik, sare sozialetatik, tabernako elkarrizketetatik eta ginekologoaren kontsultatik ere bai. Denak gara heteroak, kontrakoa frogatu arte.

Bada esaera bat ongi funtzionatzen duena testuinguru honetan ere: “Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen”, hau da, genero-sistema eta harreman-eredu tradizionalak naturalizatzeari utzi behar diogu, ez da nahikoa “bakoitzak berea egin dezala” esatearekin. Gure bizitzak, gure borrokak, gure harremanak, beste guztiak bezain baliotsuak dira, eta ikus eta aitor gaitzaten merezi dugu.

Maia Ossa




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide