Albisteak

[ZUTABEA] Imajinatu

Azkenaldian atentzio berezia eman dit imajinazioaz entzundakoak. Atzo imajinatzen ere ez genituen egoerak bizi ditugun gaur honetan, imajinazioaren beharra omen dugu bihar hobe baterako. Irudimena falta ote zaigun, alegia.

Batek, gertatu aurretik ez zuela imajinatu ere egiten Ukrainan gerra piztu zitekeenik. Beste batek, ez genukeela inoiz imajinatuko pare bat hilabetez etxean sartuta egongo ginenik. Non eta gure gizarte garatu modernoan. Ukiezina nonbait. Baina perfekziorik ez munduan, eta denok gara zaurgarri. Dena hauskor. Hauskortasun horri nola heldu, hor ote gakoa.

Hauskortasuna gerra izan daiteke, egun txar bat, lanpostua galtzeko beldurra, gizonezko baten negarra, edota krisia. Gero eta gehiago aipatzen dena, azken hori. Urrutira joan gabe, krisi kapitalista, klima, argindarra, pentsioak, pobrezia edota lehengaien hornidura aipatu ziren iaz zutabe hauen artean. Krisiak krisi, energiarenak kezkatzen nau ni gehien, lehengaien eskasiarekin lotura zuzena duena, eta beste guztiarengan eragina duena. Krisietan krisiena, dena zeharkatzen duena. Hori ere imajinatzen ez duguna agian, baina baldintzak aldatzearekin batera gero eta sinesgarriagoa ziurrenik, gero eta ukigarriago. Bazekiten zerbait duela 50 urte The Limits to Growth (“Hazkundearen mugak”) idatzi zutenek.

Ez da zaila irudikatzen energia (erregaiak barne) ez dela jada ezagutu dugun bezain eskuragarri (merke) egongo, gutxiago izango dugula eta hobeto pentsatu beharko dugula nola eta zertarako erabili: nongo elikagaiak jan, nork jositako arropa jantzi, zer aisialdi mota izan, noren energia kontsumitu…

Gure aitonak, tailerrean edozein pieza edo makina egin aurretik, lehenik buruan irudikatu behar zela esaten zuen; lehenik buruan egin, eta ondoren, eskuekin. Makina soil bat baino, makineria oso bat eraikitzea dagokigu orain. Produktua saldu baino, oinarrizko beharrak aseko dizkiguna. Bizitza perfektua baino, bizitza duina eskainiko diguna. Estutu baino, zainduko gaituena. Eta egiteko, irudikatu egin behar.

Sor ditzagun baldintzak, beraz, haiek aldatu zain egon beharrean.

Piezaz pieza, bakoitzak bere hauskortasun eta komunitatetik.

Eta ez gaitzala ezustean harrapa imajinazioak.

Aitor Ossa




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide