Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Streaming plataformetan edozein unetan edozein film edo telesail ikusten dugun bezala, merkatu libreak ohitu gaitu nahi dugunean nahi duguna erosi ahal izatera, Interneten edozer edonoiz erosteko aukera izatera, dendako apaletan tokatzen ez den garaiko barazki eta frutak ikustera. Denborarekin, sinetsi dugu eskubidea dela hori, beti nahi duguna eskura izatea; eta gainera, merke nahi dugu.
Gauza batzuetan konformismo ariketa bat egin eta “daonean dale, eztaonen bale” pixka bat gure bizitzan aplikatzeak ez digu kalterik egingo, gure lan-eskubideak defendatzen ditugun bezala, beste langile batzuk baldintza eskasetan bizitzea eragiten duten merkatu-logikak elikatzeari uzteko. Iberdrolarekin edo Euskaltelekin edo Netflixekin konpromisoa hartzen dugun bezala, herriko energia-kooperatibarekin edo telekomunikazio konpainiarekin edo denda txikiekin konpromisoa hartuko bagenu, beste kontu bat litzateke.
Azken aldian Ipar Euskal Herrira ohi baino bisita gehiago egiten ari naiz, eta beti atentzioa ematen dit hemen zenbat zaintzen duten jan-edan kontuetan bertakotasuna. Duela gutxi Baionan ikusi genuen Falafel Queerren performance batean galdetu zuen bezala: Zenbatek erosi duzue aste honetan Coca-Cola? Zenbatek? Oihuka galdetu zigun, eta areto hartan geunden europar guztiak kristoren lotsa sentitu genuela esango nuke. “Hainbeste kostatzen da?” galdetu zuen. Hainbeste kostatzen zaigu gure bizitzan aldaketa txikiak egitea? Eta gogora etortzen zaizkit Palestinaren aldeko aldarrien ondoan Coca-Cola botilak saltzen dituzten barrak.
Bai, kostatzen zaigu, izugarri kostatzen zaigu gure ohituretatik atera eta aldaketa txikiak egitea. Badakit hori, inor ez delako libratzen hipokrisiatik eta erosokerian erortzetik. Baina kontua ez da nor gehiago edo gutxiago den ikustea, hatzarekin zu baino kontraesankorragoa dena seinalatzea. Joder! zerbait gehiago egin dezakegu denok. Palestinaren alde, Euskal Herriko lehen sektorearen alde, herriko merkatarien alde.
Konpromisoa ez dago modan, modan “autozaintza” eta askatasuna daude. Eta oso ondo dago hori. Baina bi horiek ez dira posible (edo ez dira errealak) gainerakoak minimoki zaintzen ez baditugu.
Maia Ossa