Albisteak

[ZUTABEA] Mathieu van der Poel

Garai batean katenariari eusten zioten hormigoizko poste haietatik zutik iraun duen bakarren bategatik ez balitz, inor gutxi oroituko litzateke gaurko bide hau, atzora arte, Urolako tren zaharrak egiten zuen bide bera zenik.

Hementxe egin dugu topo lagun batek, haren amak eta hirurok, eguerdiko eguzkitan paseoan genbiltzala. Ama gustura dabil alabarekin dabilelako, eta alaba ere bai, jakina, amarekin dabilelako eta ordeka-ordekan dabiltzalako, herriko aldapetan amaren aulkiari bultzaka ibili beharrik gabe. Gustura dabiltza, baita ere, txukun asfaltatutako bide batean aurrera doazelako elkarrekin hitz-aspertuan, kaleko espaloiak, koskak, gaizki aparkatutako autoak eta gainerako oztopoak nola gainditu pentsatzen burua hausten ibili beharrean. Iritzi berekoak izango dira, seguru asko, ume jaioberria kotxe-kapotan hartuta dabilen bikotea eta patinetan ibiltzen ikasten ari diren neska-mutikoak.

Halako batean, “Aio, ama! Aio, amama!” esanez ondotik pasatu zaigu lagunaren alaba, bizikletaz, ziztu bizian eta apain-apain jantzita, lokatz-bideetan eta putzuetan zikintzeko edo hankaz gora erortzeko beldur handirik gabe. Halaxe joaten omen da azken bolada honetan, Azpeitian ezagutu duen lagunen batekin maite-kontuetan ibiltzera. Ez omen zaio gustatzen maite-ordu horiek autobusaren ordutegietara lotzea, gehienetan motz geratzen zaizkiolako.

Jende gehiago ere ibiltzen da bide horretatik, hala nola ondoko herrietara eta poligonoetara lanera edo ikastera joaten diren zenbait. Lasai-lasai ibiltzen omen dira, ordenagailu eramangarria eta bazkaria bizkarrean hartuta, presaka dabiltzan autoen eta kamioien batere beldurrik gabe. Aisialdirako ez ezik, herrien arteko joan-etorriak arintzeko ere balio du, beraz.

Jakina, Azkoititik Azpeitira doan tarteaz nabil hizketan, ezen Zestoakoa ez baita horrelakoa. Zestoakoa askoz hobea da… Mathieu van der Poelek ziklokroseko mundiala prestatzeko, eta Matheiu van der Poeli ez zaio beharrezkoa iruditzen bide hori txukuntzea.

Imanol Salegi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide