Paperekoa

[ZUTABEA] Negozioen hilketa

Gaur egungo herri txikietan gero eta ohikoagoa da betiko negozioak ixtea: okindegi zaharra, jantzi-denda xumea edo familiako taberna historikoa. Urtez urte herriko bizimoduaren parte izan diren establezimendu horiek desagertzen ari dira, eta kaleak hutsago eta hotzago bihurtzen dira. Ez da kasualitatea; kapitalismo globalizatuaren logikak merkatu handiak eta etekin azkarrak lehenesten ditu, eta tokiko negozio txikiek nekez egin dezakete aurre multinazional handien prezio eta baliabideei. Ondorioz, komunitatearen ehuna ahuldu egiten da.

Egoera honen atzean kontsumo ohituren aldaketa ere badago. Gero eta jende gehiagok supermerkatu handietan edo plataforma digitaletan erosten du, erosotasuna eta prezio baxuagoak bilatuz. Hala ere, erabaki indibidual horiek ondorio kolektiboak dituzte.
Dirua herritik kanpora doa, eta tokiko ekonomia pobretzen da. Herriko dendariak ez dira soilik saltzaileak; aholku emaileak, konfiantzazko pertsonak eta harreman sareen parte dira. Haien desagerpenak identitate galera ere ekartzen du.

Gainera, gaur egungo soldatek eta prezioen etengabeko igoerek ez dute bat egiten. Inflazioak gora egiten duen bitartean, soldata askok ez dute hazkunde bera jarraitzen, eta horrek biztanleria pixkanaka pobretzea dakar. Egoera horretan, kontsumitzaileek prezioari begiratzen diote lehenik eta behin, eta aukerarik merkeena bilatzen dute, askotan kalitatea edo hurbiltasuna bigarren plano batean utziz. Ondorioz, herriko denda txikiek ezin dute prezio lehiarik egin kate handiekin, eta bezeroak galtzen dituzte. Prezioen logika hotzak giza harremanen eta tokiko konfiantzaren gainetik jartzen dira, eta horrek are gehiago ahultzen du herri txikietako merkataritza.

Bestalde, belaunaldi arteko errelebo faltak ere eragin handia du herri txikietako negozioen gainbeheran. Iraganean, familiako establezimenduak seme-alaben eskuetara igarotzen ziren modu naturalean; gaur egun, ordea, gazte askok ez dute negozioaren jarraipena hartu nahi. Arrazoiak askotarikoak dira: errenta eta alokairu altuek ekintzailetza arriskutsu bihurtzen dute, eta etorkizun ekonomikoaren ziurgabetasunak ez du egonkortasunik bermatzen. Gainera, gazte belaunaldiaren lehentasunak aldatu egin dira, eta askok lan baldintza seguruagoak edo bizimodu erosoagoa bilatzen dute. Testuinguru horretan, negozio txiki askok ez dute ondorengorik aurkitzen, eta urte luzez herriari zerbitzua eman ondoren, ateak ixtera behartuta daude.

Iker Eizagirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide